Ez dugu asmatzen ordea deskonexio digitalarekin. Frantzian saiakera egin dute urte hasiera honetan lan esparruan, legez ezarritako deskonexiorako eskubidearekin. Titularrek itxaropentsuak ziruditen arren, errealitatea paperean baino gordinagoa da. Legeak ez dio inondik inora langileek beren lan orduetatik kanpo telefono mugikor nahiz posta elektronikoari ezikusia egiteko eskubidea dutenik. Izan ere, ez da definitzen zer ote den deskonexiorako eskubidea bera eta bere edukiaren ezarpena lekuan lekuko lan hitzarmenen esku uzten da. Hitzarmenik ez balego, enpresaren esku geratuko litzateke proposamena gauzatzea, baina ez da aurreikusten langileek proposamen hau ukatzeko aukera izango dutenik. Lana eta norberaren bizitzaren arteko kontziliaziorako bidean lehen pausoa izan bada, nahiz eta praktikara eramatean bide luzea geratzen zaion ekimen honi benetako errealitate bihurtu dadin. Lanpostu guztietan gauzatzea ezinezkoa da, jakina.
Hala ere, oporraldian lan kontuez ahaztea gehienok atsegin dugun arren, mundu digitalarekin dugun konexioa haustea oso zaila egiten zaigula deritzot. Geroz eta ohikoagoa da jendeak jai egunetan mugikorra itzali egiten duela lau haizetara harro zabaltzea, baina norberaren burua engainatzeko modu ahul bat besterik ez da. Posta elektroniko eta sare sozialekin dugun dependentzia areagotu egiten da aisialdi garaian, bai dibertsio eta baita aspertzea ekiditeko nahiarekin. Ordu batzuetako etenaldi elektronikoa egingo duela Facebook eta Instagram bidez iragarriko duenik ere izango da, ziur. Urtean gutxi batzuetan egin dezakegun ariketa interesgarria izan daiteke, baina harago doan emaitzarik ez du sortzen gehiengoarengan. Lagun batek dioen moduan, denok ez dugu esateko zerbait, baina beti dugu erakusteko zerbait, are gehiago data seinalatu hauetan. Dagoeneko sarea bete da paella, hondartzetako oin biluzi eta aireportuetako terminaletako pantailez.
Nik aurtengoan ere ez dut deskonexiorik egingo. Liburu eta egunkarien paper usaina berreskuratu dut dagoeneko, ez da gutxi. Whatsapp soilez gain, posta-txartel bakanen bat bidaltzeko helburu txikia jarriko diot neure buruari. Ez bada zeure postontzira iristen, ez kezkatu. Ahaztu laneko posta, heldu kirola edo atsedenari. Eta paella, ahal izatera, platerean. Uda on!!