Neutraltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lorente 2018ko eka. 22a, 14:12

Ez dut lerro hauetan Donald Trump eta Ipar Koreako Lider Gorenaren artean antzeztutako funtzioaren aurrean nazioarteko komunitateak hartutako jarreraren analisirik egingo ez eta espainiar estatuko botere judizialaren (Altsasuko ikastetxeetan Montesquieu Historia liburuetatik ezabatzea erabaki omen dute) erabaki askatasuna baloratuko.

Smartphoneen inguruan azken hamarkadan ahotan dugun eztabaida amaigabea da. Hauen arriskua ematen diogun erabileraren araberakoa dela aipatu dugu sarritan (baita neronek ere), baina honek ez du zertan adierazi teknologia hau neutrala denik. Lehen mugikorrak merkaturatu zirenean, enpresari handiek eta beste gutxi batzuk zuten hauen erabilera egiteko aukera. Erraldoiak ziren gailu hauek, garestiak eta komunikazio ahalmen mugatukoak. Nola bukatu dugu herritar guztiok honelako bat poltsikoan eramanez, ziurtasunez defendatzen guk egindako aukera dela eta nahi dugunean itzaltzeko gai garela harrotasunez sinesten?

Duela urte batzuk lagunekin Kubara egindako bidaia gogorarazi didan iragarki bat ikusi dut duela gutxi. Bertan kontatzen ziguten zergatik gizon kubatarren ehuneko handi bat erretzailea den. Antza, arrazoia gaztaroan iragan behar dituzten soldadutza urteetan aurki daiteke. Zerbitzu hau ematen igaro zuten epealdian gobernuak doako tabakoa eskaintzen zietela kontatzen zuten bertakoek. Modu honetan, biziarteko kontsumitzaileak eraikitzen ari ziren, inbertsio minimo baten truke. Modu berean, gure artean adimendun telefono eta teknologia digitalekin berdin jokatzen ari dira fabrikatzaileak. Lehen aipatu dudan iragarkiak lau urteko haurrentzat moldatutako telefono mugikor bat iragartzen zuen, aurrez instalatutako hamar aplikazio eta aukeran jaisteko doako beste bi, eskaintzan. App horien artean, nola ez, joko hezitzaileak alde batetik eta komunikatzeko eta ikus-entzunezko fitxategiak erreproduzitzekoak bestetik. Benetan haur hauen beharrak asetzeko gailu bat eskaintzen da, edota berariazko doktrinamendu digitalaren estrategia baten aurrean gaude? Helburua umeak ahalik eta adin txikienean multimedia aisialdiaren kontsumoan barneratzea dela esango nuke nik.

Aipatzekoa da bere aldetik Google hezkuntza munduan egiten ari den lana ere. G handiaren barruan erreminta ugari ditugu gaur egun ikastetxeetan erabiltzeko aproposak direnak, dohainik. Ikasle eta ikastetxeen datuak ez omen dituzte erabiltzen beraien probetxurako gainera. Non dago koska? Urtero sortzen dituen milaka eta milaka Googlemenpekoetan.

Kasu hauetan erabakia erabiltzailearena da, bai, baina jakina da askotan erosoena jarrita dagoen bide erraza jarraitzea dena. Teknologia neutrala ote?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!