Enegarren aldiz telefonia enpresa batetik deitu dizute batere ongi ez datorkizun momentuan. Ez da harritzekoa, konpainiaz aldatzen hasi zarenetik ia orduero deitzen baitizute eskaintza berri eta erakargarriagoak eginez. Engainatua sentitzen zara, hainbeste urteko fideltasunak ez baitu oparirik izan bertan egon nahi izan duzun bitartean. Orain gogoratu dira zutaz, irteterakoan danbatekoa eman duzunean. Zure haserrea telefonoaren bestaldeko operadorearekin ordaintzeko tentaldian erortzeko puntuan egon zara, baina oraingoan hotz mantentzea lortu duzu.
Honelako aldartea mantentzea zaila zaigun arren, aipatu langile horiek defendatzea dagokit oraingoan. Erabiltzaileok konpainien arteko migrazio politika gogaikarriaren biktima zuzenak garen moduan, deitu digun horrek ere ez du bere gogoz lan egiten kasu hauetan eta jakin ere badaki bere behin eta berriro ekite horrek ez duela amaiera onik izango bere konpainiarentzat. Erlazio komertzial hau ere, beste prozesu asko eta asko bezala automatizatua izan da, eta aurrez programatutako sistema baten ondorioa da. Automatizazioak normalean pertsonen lana erraztea dute helburu, baina kasu batzuetan ez dute erabakitzeko ahalmena uzten eta hau kalterako ere gerta dakioke sistemari berari.
Kontuz ibiltzea dagokigu supermerkatu batzuetan ere. Ordaintzerako garaian zein ilaretan jarri jakiteko sistema bat inplementatu da denda batzuetan, zeinak kaxa zenbaki bat esleituko digun. Presagatik, maltzurkeriagatik edota nahasteagatik izaten dira bi pertsona jarraian pasatzen diren kasuak, edota behar ez den kaxa zenbakian norbait ilaran jarri denekoak. Norbaitek pixka bat itxaron edo dagokion ilaran jarriz gero erraz ebazteko moduko gatazka litzateke mundu zibilizatu batean, baina zenbakiak banatzen dituen sistema horren blokeoa sor genezake benetan. Askotan programa hauek ez daude ezustekoei aurre egiteko prestatuak eta ematen duten laguntza baino traba handiagoak sor ditzakete.
Beste adibide garbi bat dugu mugikorrean erabiltzen ditugun online mapena ere. Lantokira bidean dauden auto ilarak ekidin nahian, gidari askok aplikazio hauetara jotzen dute, azken berrien arabera bide azkarrena hartzeko. Sortzen ari den efektua aldiz, nahi izan denaren aurkakoa da sarritan. Trafiko handia jasateko prest ez dauden bide eskas eta estuagoak gainezka egotea lortzen da momentu puntualetan, hasieran zegoena baina oraindik ere nahaste handiagoak sortuz gidari nahiz autoritateentzat.
Garapenak erraztasun handiak ematen dizkigun arren, pertsonaren adimenaren aldeko aldarria egitea beharrezkoa dela uste dut, gaurko programatzaileak bikainak izan arren, ezin baitute kasuistika eta ezusteko guztiak kontutan hartzeko algoritmorik sortu oraindik.