Noiz geratu

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lorente 2018ko mar. 3a, 11:32

Pauso bat harago, urrunegi joan garela ohartarazi nahi digute behin eta berriz. Jendartean bada hala-nolako berrelikadura bat, ohitura eta jokaerak alda ez daitezen lanean diharduena. Eguneroko bizitzako kontu txikietan barrerak, oztopoak, kateak, trabak. 2018ko Euskal Herriak orain arte izan dena izaten jarrai dezan, txintxo, txukun, kontrolpean.

Egunerokotasun hori nahi ala ez neurri batean egungo teknologiak baldintzatzen digula jakina da eta gai honetan beti gehiegi eboluzionatu dugula iruditzen zaigu gainera. Robotikan eta adimen artifizialaren garapenean inbertitu behar al dugu? Ez da gaurkoa galdera hau eta eztabaidak pizturik jarraitzen du. Makinek beren gisara pentsatzeko gaitasuna hobetuz gero, mundua konkistatuko dutela ikusi dugu film askotan. Robotek ere lanpostu guztiak suntsituko dituztela onartzen dute askok. Argia da fabrikazio prozesuen automatizazioak eskuz egiten ziren lan batzuk baztertu dituela, baina makina berri hauek sortzeko ere lanpostu berri asko sortu da. Ingeniariak, teknikariak, komertzialak, informatikariak, irakasleak, fisikariak, itzultzaileak, ekonomialariak, muntatzaileak, mantentze lanetako teknikariak... guztiak dira beharrezkoak sortzen ari diren eta eskulana arintzen diguten makina horiek behar bezala funtzionatzeko.

Argia dena da azken mendeetan zehar suntsitu direnak baina lanpostu gehiago sortu direla. Gaur egun ez dugu farolak pizten zituenaren edota koltxoiak txukundu eta mantentzen dituen inor ezagutzen, baina honen ordez hezkuntza, osasun eta kontabilitate arloko langileen kopuruak, adibidez, izugarrizko igoera jasan dute kopuru nahiz portzentajetan.

XXI. mende honetan makinen aurkako gerra piztua dagoen arren, ez da nobedadea. XIX. mende hasierara jauzi egin dezagun eta pentsatu zein izan zen jendartearen histeriaren maila, lurra zulatzeko makina automatikoak agertu zirenean. Hain denbora laburrean hainbeste lanposturekin bukatu duen makinarik asmatu ote da sekula?

Mende horretan bertan trenaren erabilera asko zabaldu zen. Kasu honetan, osasun arazo berriak sor litezkeela argudiatzen zen aurrera pausuen aurka egiterakoan. Garai hartako mediku batzuk asmakuntza honen aurka azaldu ziren, bere bibrazio eta abiadurak (32 km/h-tik aurrera hilgarria omen garraio mota hau) bidaiariaren osasun mentala, nerbio sistema, erretina eta beste hainbat gorputzeko funtzio eta organo kaltetuko zituela idatziz argudiatuz. Gu berriz AHT-ak dakartzan ingurumen kalteak salatzen dihardugu, hartuko dituen 200-250 km/h-ko abiaduraz guztiz ahaztuta. Borroka okerrean ote gabiltza?

Teknologiaren garapenak eskuetatik ihes egin digula behin eta berriz errepikatzera kondenatuta gaudela sinistuta nago, baina noiz eten behar genuen katea? Espazioa ezagutzera irten ginenean, trenaren asmakuntzan, irrati bidezko komunikazioan...edo agian suaren erabilpena egiten ikasi genuenean?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!