Arrazoizkoa dirudi norberaren sorkuntzek luzaroan egoera onean iraun nahi izateak, hala pentsatuko zuen orain dela 116 urte Kaliforniako herrixka batean piztu zen eta oraindik itzali ez den bonbillaren sortzaileak. Produktu merke, fidagarri eta iraunkorra sortzea lortu zen XX. mende hasieran eta milioi bat ordu ondoren argitzen jarraitzen du. Orain dela 5 urtera arte merkatuan izan ditugun filamentuzko bonbillek berriz mila ordu inguruko biziraupena izan ohi zuten. Teknologia ez al doa ba aurrera? Bai noski, baina gauzak nahita gaizki egiten aspaldi ikasiak dira enpresa handietako ingeniariak. 1924 urtean jada existitzen zen filamentuzko bonbillen biziraupena mugatzea erabaki zuen lehen erakunde sekretua. Ordura arte sortu zituzten produktuak onegiak izan eta honi akabera ematea erabaki zuten isilpean. Modu honetan, 1929ko ekonomiaren krakaren ondoren, neurri bereziak hartzen hasi ziren ekoizleak, gailuen iraupena mugatu eta kontsumoa berpizteko.
Geroztik gauzak ez dira batere hobetu eta jakintza publikoko informazioa da gainera. Aktibo edo pasiboki, denok etsi dugu zaharkitze programatuaren legeen aurrean. Gure etxetresna elektriko guztiek iraupen barregarria dute gaur egun eta hau gutxi balitz, norbera konpontzen saiatuz gero, tresnaren atalak itsatsita eta hautsi gabe ez askatzeko moduan elkartuta daudela konturatuko gara. Mugikor bat erostean urte pare baterako izango dela aurreikusten dugu, garbigailuak huts egiten duenerako piezarik egongo ez dela jakin badakigu eta irabiagailuaren bi atalak elkartzen dituen plastikoa hausten ikusi eta berria erostera kondenatuta gaude behin eta berriz. Aurrez eta nahita planifikatutako zaharkitzeak familia bakoitzari 50.000 euro inguru suposa diezazkiokeela estimatzen da. Ez da broma.
Honek ez ote du atzera bueltarik? Hamarkada batzuk atzera egingo bagenitu Europan bertan, Alemaniako Errepublika Demokratikora salto egin genezake. Erregimen komunista nagusitu zen dekretuz eta austeritate politika zabaldu zen eguneroko bizitzaren arlo ezberdinetan. Honen eraginez, ekoizten ziren produktuak eraginkor eta iraupen luzekoak izateko beharra sentitu zuten, eta baita lortu ere. Oraingo Alemanian oraindik bada garai hartan sortu eta ondo dabilen aparailurik.
Konponbidea gobernuen esku dagoela ematen du beraz. Frantzian adibidez, praktika hauen kontrako neurriak hartzen hasi dira teorian. Datorren urteetan aurrera jarritzen duten edo neurri populista eta enpresak babestekoa ote den ikusi beharko dugu. Apple eta Epsonek tribunaletatik pasa beharko dutela ematen du behintzat.
Utopikoa eta kapitalismoaren legeen aurkakoa den arren, bere seme-alabak benetan maite dituen sortzaile eta ingeniarien zain jarraitu beharko dugu oraingoz.