Lansariaren igoera nahiko orokortua izan ei zen dirua eskuan ematea desagertu eta langileak hilabete bukaeran bankuko kontu korrontean jasotzen hasi zirenean. Kasualitatea! Hainbeste lan egin eta etxean ere ezin gezurtxo bat kontatu ordutik aurrera.
Eskudirua koltxoi azpian gordetzetik zuzenean banketxean jasotzea aldaketa handia izan zen askorentzat. Orduan ere mesfidatiak zirenak izango ziren, paperezko dirua ukitu eta usaindu beharrean kartillako zenbaki batean irakurtzera pasa baitziren konturatzerako. Urteekin normaltasunez hartu dugu aldaketa hau eta txartelarekin erosketak egiten ere ikasi dugu. Aurreratuenek on line erosketak egiteko ausardia izan zuten aurrerago eta gaur egun milaka dira txartel zenbakia webgune batean ematen dutenak, Paypal bezalako bitartekariengan konfiantza jartzen dutenak edota kuadrillako afariak Bizum bidez mugikorrarekin ordaintzen dituztenak. Erokeria askorentzat, erosotasuna besteontzat.
Digitalizatutako diru honek ere bestelako erosketa ohituretara mugitu gaitu batzuk. Ebay, Milanuncios, Vibbo, Wallapop... asko dira norbanakoen arteko salmentak errazten dituzten webguneak. Gurasoen binilo zaharrak, aldatu nahi dugun autoa edo neurriarekin asmatu ez dugun alkandora erraz sal ditzakegu plataforma hauetan, bide batez sos batzuk eskuratuz. Aukera polita ganbarak husteko, aukera bikaina diru kutxak betetzeko: ogasuna denok garela gogorarazi nahian ari dira berriz ere Madrildik. B kontabilitateak eta eskutik eskura dabiltzan gutun-azalak atzematea zaila omen eta banakoen arteko Internet bidezko salmenten pastelaren zatitxoaren ehizan abiatu dira Haziendakoak. Ez dute oso ondo zehaztu nola egingo den bilketa hau, baina eroslearen kontura joango dela eta erosketaren balioaren %4koa izango dela adierazi dute, eragiketa legezkoa izan dadin. Negozio biribila, ikusita soilik Vibbo webgunean 2015ean 930 miloi euroko salerosketak egin zirela Espainiako Estatuan.
Esku artean erabili ezin dugun diruarekin jarraituz, ezin ahaztu kriptomoneten gaia ere. Askok ez duzue honi buruzko berririk izango, beste batzuk ordea urre berri honen tentazioan eroriko zineten dagoenerako. 2009an Bitcoin izeneko txanpon birtuala sortu zenetik asko dira bere ezaugarriez baliatu direnak. Oso luze joko luke moneta bitxi honen azalpenak, baina eragiketa guztiak erabiltzaileek berek kodifikatzen dituztela (ez dago estatu edo bankuen esku!) eta egindako mugimenduen aztarnari ezin zaiola jarraitu dira ezaugarri nagusienetakoak. Argazki azkar bat ateraz, bitartekariak eta diru faltsutzeak guztiz ekiditen direla esan daiteke, erabiltzailearen pribatutasun eta segurtasunaren onerako. Lehen esan bezala, anonimotasuna gordetzen da; diru-ateratze, erosketa edota edozein mugimendu egin daiteke norberaren izena inork ezagutu gabe. Honen ondorio zuzena ere begi-bistakoa da; armen saltzaileek, droga trafikatzaileek, haurren pornografiaren bitartekariek eta mota guztietako mafiek beren erara lan egiteko euskarria topatu dute.
Teknologiak azkar darrai aurrera diru kontuetan ere, eta lehen momentuan aukera eta ongia agintzen duten asmakuntzek txanponaren alde iluna ere erakusten digute maiz, guztientzat gustukoa ez dena behintzat. Urrun daudela iruditu eta entzuteko asti handirik hartuko ez dugun arren, aipatutakoak ez dira kale kantoiko istorioak. Txanponen ipuinean ere betiko otsoak irabazle.