Kalifikazioak e-konfiantza

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lorente 2017ko aza. 13a, 09:33

Azterketa bat egin ondoren kalifikazio bat jasotzen ohitu gara gure bizitza akademikoan zehar. Kalifikazio honen arabera epaitzen da gure arlo baten inguruko jakintza nahikoa ote den, normalean lortu daitekeen nota altuenaren erdiarekin nahikoa izaten delarik. Selektibitatea, oposizioak eta gisa honetako pertsonen aukeraketa prozesuetan, ordea, beste aurkarien aurretik sailkatu beharrean gara, hainbeste esfortzuren ostean desiratutako postua lortu asmoz.

Asteak, hilabeteak nahiz urteak eman ditzakegu norberaren helburu hori erdiesteko esfortzua eginaz, horrek biziarteko postu, titulazio edota estatus bat emango digulakoan. Baina, posible al genuke bizi osoa lehia horretan pasatzea?

Internet bidez erosi edo saltzen ohituak bazaudete ziur nago ez zaizkizuela oharkabean pasako Ebay ado Amazon bezalako plataformetako erabiltzaile eta produktuen aldeko (edo aurkako) botoak eta izartxoak. Komunitatearen iritzia islatzen da bertan eta saltzaileak gure konfiantza irabazteko duen modu bakarra da; ezin dugu produktua esku artean eduki eta ezta auzoko dendariarekin dugun hizketaldia izan, ezin dugu produktuari eta saltzaileak erosleekiko aurkezten duen prestutasunari buruzko geure iritzia garatu. Blablacar eta antzeko webguneetan antzeko esperientzia bizi dezakegu. Gure gidatzeko modua, puntualitatea eta hizketarako jarrera ebaluatuko da kasu honetan. Ostalariak berak ere izututa ageri ohi dira Tripadvisor gune digitalak ekar diezazkieken ondorioez pentsatzen dutenean. Tolosako izen oneko lokal bateko nagusiak berak behin baina gehiagotan haizea hartzera bidali nau orrialde horretan profil bat ireki behar duela proposatu izan diodan bakoitzean, bezero maltzur eta konpetentziako botoen beldur. Ez da fio nik aplikazio honi jarraituaz erabakitzen ditudala nire oporraldietako otorduak esaten diodanean. Txanponaren bestaldeko adibide bat jarraian. Lagunekin Galiziako jatetxe bateko terraza batean nintzen paella bat dastatu eta kafearen ondoren bertako arduraduna gerturatu zitzaigunean, bertan ohikoak diren likoreen tragoxka bat eskainiz gure Interneteko aldeko boto baten trukean. Bezeroak erakartzeko konfiantza sortu nahi eta gaur egun, online bada hobe.

Gure offline bizitzan ere gure portaera, izaera, jarrera, erabaki, itxura, genero, arraza eta beste mila aldagairengatik egunero gara epaituak. Baina kuantifikatu al daiteke guk islatzen dugun fidantzia eta estatus hau? Izan al naiteke ni 8.3 puntu balio dituen pertsona?

Txinako Herri Errepublikan baiezkoan daude. Kreditu Sozialen Sistema delakoa garatzeko agindua emana diete enpresa ezberdinei eta esperimentazio fasean dira dagoeneko, eskala txikian bada ere. Sistema berri honetan norberaren finantza arloko, politika, gizarte eta legearen inguruan jasotzen diren kalifikazioak (besteak beste) bildu eta aztertuko dira algoritmo berezi baten laguntzaz. Honela, bakoitzaren erreputazioaren isla izango den puntuazioa lortuko da, zenbaki hotz batez epaituak izango dira txinatarrak. Honen arabera, onurak jaso ahal izango dituzte hiritar finek: ilara aurreratzea zerbitzu ezberdinetan (bankuak, ospitaleak...), ibilgailuen alokairua egin nahi denean depositurik ez uztea edota bizia erraztuko dieten beste hainbat laguntza. Honek ere badu beste aldea, noski. Puntuazio baxua lortzen dutenak ez dira fidatzekoak izango Txinako gobernuaren begien aurrean eta maila ezberdinetako penalizazioak izango dituzte aduana, zerbitzu, jatetxe, lanpostu eta osasun arloan, gutxi batzuk aipatzeagatik.

Guzti honen helburua? Kontrola eta kontrola. Norbanako zintzo eta eredugarriak komeni dira, arazorik ematen ez dutenak. George Orwellek irudikatutako anaia handiak Telecincoren mugak gaindituko ditu azkenean...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!