Fomo

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lorente 2017ko urr. 14a, 12:20

Bere lagun taldetxoaren aurrean itxura ona eman nahian, urtean pare bat aldiz bakarrik elkartean janaria prestatzen duen norbaiten irudia etorri zait burura. Patatak zuritzen hasi bezain pronto ebaki sakon bat egin du hatzean, bere lanean aurrera jarraitzea ekidin diona. Ohitura falta! Zer esango diote bada lagunek ondotik; inor ez da labanaren asmatzaileaz gogoratu, erreminta honek segurtasun neurriak betetzen ez dituelakoan. 

Honetan ari direla, Kim Jong-un lider gorena azaldu da elkarteko telebistako pantailan, hidrogenozko bonbak modan jarri nahian ariko balitz bezala. Kasu honetan, asmakuntza honi emandako erabilera okerra kritikatzea lekuz kanpokoa litzateke, sortzez ez baitu suntsitzea eta heriotza ez den beste helbururik. Nekez emango zaio erabilera zuzenik, bonba hau ez baita gure sukaldari amateurraren labana bezalakoa. Besteak txundituta utziko ditu, bai, baina ez ongia egin nahian.

Mugikorrei ematen diegun erabilera dugu ia eguneroko mintzagai lankideekin, lagun artean eta baita otorduetan ere. Mugikor nahiz internetik gabeko bizitza ezagutu dugunok, gainera, honetaz hitz egiterakoan gazteenek baino argudio sendoagoak ditugula dirudi. Azken urteotan eman diegun erabilera zabalak, lehen ezagutzen ez genituen nahasteak ekarri dizkigu. Zenbat aldiz gertatu ote zaigu poltsikoan mugikorraren dardara sentitu eta gailua hartzean... hara! Mezu edota jakinarazpenik ez. Geure   buruak engainatu gaitu berriz ere.

FOMO delakoak sortarazten dit harridura azkenaldian.

Fear of Missing Out: une oro zerbait garrantzitsua gertatzen ari da gure inguruan eta gu berriz denbora galtzen ari ote garen beldur gara. Lehen ere telebistan ikusten genituen asmakuntza berriak, lankideak beraien oporren argazki bildumarekin agertzen ziren lantokira eta kaleetako karteletan irakurtzen genituen asteburuko jaialdi, musikal eta kontzertuen iragarkiak. Orain ordea Twitter bidez dugu Katalunian jipoitu duten manifestariaren berri, Facebooken kuxkuxeatzen ditugu kuadrilakoen oporrak, Instagrami esker dakigu bizilaguna jatetxe japoniar batean ari dela bazkaltzen (ezin ote da sushia jan publikatu gabe?) eta baita gaur goizean zer jantziko duen erabaki ote duen ere, OOTD (Outfit of the Day) modaren harira. Honaino albiste berririk ez. Aurrerapausoa dena, informazio guztia gertatzen den momentuan bertan jasotzen dugula, sushia mahaian zerbitzatu orduko ikus dezakegula alegia. 

Arazoa? Informazio eta estimulu gehiegi jasotzen ditugula sare sozialetatik eta gure bizitza benetan aprobetxatzen ari ote garen zalantzan jartzen hasiak garela. Uda honetan hondartzara, nazionalitate guztietako jatetxeetara, mendi txangoetara, crossfitera, Hatortxura, aste nagusira, ezkontza batera, manifestaldietara... hauetara guztietara joateko (eta sarera igotzeko) aukerarik izan ez badugu, etxeko besaulkian botata egon garela bi hilabetetan zehar sentitu behar al dugu? Ez gaitezen geure tranpan erori behintzat.

Lagunentzat afaria prestatzen ari zela behatzean ebakia egin duen horrek menuaren argazkia Whatsappeko statusean jartzen duenean, ez diezaiola inori antsietaterik sortu gaur etxean afaldu duelako lanetik leher eginda bueltatu ostean; izan dadila lagunartean biltzeko grina piztuaraziko duen txinparta.

Azkenik, dena sarean jartzeko beharra sentitzen dugun guztioi: dirudigun bezain zoriontsu izan gaitezen opa digut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!