Hamabi urte bete orduko hasi zen ardiaren gaineko ikasbideak jasotzen. Laurogei urtez ibili da lanbide horretan, uda eta negu, mendiko larreetan zein behekoetan. Lehendik ere Inazio Artano xehetasun ugari eskainitakoa da artzaintzaren gainean. Oraingo elkarrizketa honetan ─ustez, aurrekoaren osagarri─ beste ikuspegi baten aurrean jarri nahi izan dugu garai bateko kontuak berritzerakoan. Bere haurtzaroko Amezketatik abiatu eta orduko Aralar mendira joko dugu, aztarna zehatzen bila: familia giroa, eskola, kristau-ikasbidea, festak… Etizegiko txabola, artaldea, larreak, eta abar.
Elkarrizketa honek badu bigarren helburu bat ere. Artzaintza orokorrari buruzko ikerketak asko dira eta maila handikoak. Hala ere, izen propiorik gabe plazaratu dira asko eta asko. Hemen, ahal den neurrian, hutsarte hori betetzen saiatuko gara: Pardelutsen, Arangoenean, Buruntzuzinen, Latosan, Agiñaten, Harritzagan, Zotaletan, eta abarretan jasotako txabola apal haietan zein ziren uda-partean egon ohi ziren artzainen zerrenda osatzen. Lehenbailehen egiteko lana dugu hau. Herrietako artxiboetan ez dago agiri asko ikuspegi hau behar bezala argitzeko. Horregatik da aintzat hartzekoa Inazio Artano eta gainerako artzainen ekarpena. Alde horretatik begiratuta gogotik estimatzekoa da elkarrizketan zehar eskainiko digun informazioa.