Bedaioko jaien barruan, lehen ‘Larrañeta Harria’ txapelketa jokatu da bertan. Ikusle asko hurbildu da bertara, ikuskizuna ikusi eta harri-jasotzaileak animatzera. Ikuskizun bikaina eman dute berauek. Lehendik ere apusturen bat edo beste egin izan dute harri honekin, adibidez, Landarbide eta Beteluk, baina aurten jokatu da lehen txapelketa.
Giroa berotzen hasteko, hiru minutuko saio bana egin dute Lierni Osa eta Olaia Esnaolak, 70 kgko harri baldarrarekin. Txapelketa, berriz, zortzi partaideen artean jokatu da. Honako hauek izan dira: Xabier Aranburu ‘Guzta’; Paulo Azpiazu, Mikel Lopetegi ‘Urra’; Jagoba Otaegi; Iraitz Arruti ‘Burdin Txiki’; Imanol Royo ‘Lartain’; Aimar Galarraga eta Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’. Bost minutuko saioa izan du bakoitzak, 125 kgko harri baldarra bizkarreratzeko eta Mikel Lopetegi erraz gailendu da, 20 jasoaldi eginda, forma onean aurkitzen dela adieraziz. Bigarren, Paulo Azpiazu geratu da 14 jasoaldirekin. Lau jasotzailek 13na egin dute, eta 11na bi lagunek.
Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!