Trabukoren kanta (2024ko uda) (14'14'')

Erabiltzailearen aurpegia Anbune 2024ko ira. 10a, 19:40

Trabukoren kanta herriak bere oroimenean, mendez mende gorde duen altxorra da. Baina, zer kontatzen digu? Kanta honen oinarrian 1747ko gertakari lazgarriak aurkitzen dira, Goizuetako partean gertatuak. Burdina eta kobre ugari egon da bere lurretan, eta beraz, meategi eta burdinola franko. Patziku Perurena idazle eta ikerlariak lan sakona egin zuen kanta honen misterioa argitzeko asmoz.

Artikutzatik gertu dagoen Berdabio bordakoa zen Joxepe Etxagarai, Berdabio ezizenez. Kanta honen bertsogile eta diru faltsu egiletzat jotzen da. Aranazkoa zuen emaztea, eta Berdabion bizi ziren beren bost seme-alabekin. Beste etxe erdian beste hiru lagun bizi ziren.

Elamako burdinola indar handikoa izan zen. Ehun bat lagunek osatzen zuten hango komunitatea. Oraindik ikus daitezke bere hondakinak Elama errekaren alboan. Juan Fermin Aginaga, Trabuko ezizenez, Goizuetan bizi zen eta Elama inguruan zebilen meatzari lanetan. Dirudienez, lesakarren bati bizia kendu zion eta isilpean gorde. Berdabio eta beste hiru lagunak Goizuetako kartzelan sartu zituzten Lesakako elizatik kandelabroak lapurtu zituztela-eta. Han zeudela, diru faltsu egiletzat salatuak izan ziren. Kontaerak dio Trabuko izan zela salatzailea. Faltsutzailearen salaketa gai larria zen, eta horregatik, Iruñeko Kartzelara eraman zituzten laurak, girgiluz lotuta, hamalau lagunen artean. Berdabiok Iruñeko kartzelan paratu zituen bertso ezagunok. Nonbait jakitun zen Trabukok Elaman egin zuenaz eta hilketa ilunen bat leporatzen dio bi bertsotan Trabukori. Herriaren memorian gorde diren bertso hauek, Mikel Laboa abeslariak zabaldu zituen berriro Euskal Herrian zehar, ahoz aho, gertakari haietatik 220 bat urtera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!