Bigarren Ibiur Harri-Jasotze Txapelketa (Baliarrain, 2024-05-18) (33'40'')

Erabiltzailearen aurpegia Anbune 2024ko maiatzaren 24a

Bigarren edizioa izan du aurten jokatu den Ibiur Harri-Jasotze Txapelketak. Estrainekoa 2018ko abuztuan izan zen. Aurten, gainera, Errekalde harri baldarra erabili dute hiru emakumek, 83,4 kilokoa, erakustaldi gisa. Antolatzaileen esanetan, Txapelketa antolatzeko asmoa dute bi harriekin, 4 urtez behin.

Guztiek zazpina minutuko txanda izan dute harri bat edo bestea bizkarreratzeko. Zazpi minutuz txanda librean jardun dute Olaia Esnaolak, Garazi Ansak eta Udane Ostolazak. Ondoren, gizonezkoek heldu diote Ibiur Harriari. Baskulan 157,6 kilo eman ditu. Harri luzexka da, 80 bat zentimetrokoa. Duela sei urte, 7 partaide izan baziren, 5 lagunek bakarrik eman dute izena aurtengo ediziorako. Jokin Eizmendi izan da garaile, 13 jasoaldirekin. Aimar Galarragak 10 lortu ditu, duela 6 urte bezala. Hirugarren Mikel Lopetegi ‘Urra’ geratu da, harriari 9 jasoaldi emanda. Lan bikaina egin du Gorka Etxeberriak. Pisuan arinena izan arren, 7 aldiz altxatu du harria, duela 6 urte baino bi jasoaldi gehiago. Eta azkenik, Gari Garmendiak 5 jasoaldirekin konformatu behar izan du. Ez da bere eguna izan gaurkoa. Ikusmina sortu du txapelketak eta jende asko hurbildu da Baliarrainera, txalo eta oihuen bidez harri-jasotzaileak animatzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!