Harri-jasotzaileek 5 harri ezberdin jaso behar izan dituzte, bakoitza bi aldiz. Ordena, berriz, norberak erabaki du. Harrien xehetasunak, berriz, honako hauek: 160 kiloko zilindro zaharra; 155 kiloko koadro zaharra; 150 kiloko kubikoa; 139 kiloko baldarra eta 100 kiloko bola. Nork azkarren jaso, 10 jasoaldi egin ditu bakoitzak. Jokin Eizmendi zen faborito eta bera izan da hirugarrengoz jarraian txapela jantzi duena. Jasoaldi denak minutu bat eta 38 segundotan burutu ditu. ‘Urra’ bigarren sailkatu da eta 13 segundo gehiago behar izan ditu Jokinek baino. Bi erronka berezi ere bazeuden aurten: 185 kiloko zilindro zaharra esku batez altxatzea eta 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuz altxatzea. Bi harri-jasotzaile ausartu dira 208koarekin. Gari Garmendiak lortu du behin jasotzea; bigarren saioan ezin izan du altxa. Jokin Eizmendik bi aldiz altxatu du. Urtero gisa, pilotalekua gainezka egon da eta giroa eta animoak ez dira faltan egon.