Albitzuri Haundi Txapelketa (Amezketa, 2023-11-25) (32'00'')

Erabiltzailearen aurpegia Anbune 2023ko abenduaren 28a

Lau urtez behin jokatzen den txapelketa da Albitzuri Haundi harriarena. 166 kilo ditu harri baldarrak eta exijentzia maila handiko harria da. Zazpi lagunek emana zuten izena baina, azkenean, Paulo Azpiazu ez da bertan izan. Gainontzeko partaideak honako hauek izan dira: Beñat Telleria, Gorka Etxeberria, Xabier Aranburu Guzta, Aimar Galarraga, Imanol Royo Lartain eta Gari Garmendia.

Lehen bi sailkatuetan berdinketa eman da. Bederatzina jasoaldi eman dizkiote harriari Etxeberriak eta Galarragak, baina pisu gutxiagokoak, Etxeberriak eraman du txapela. Hiru eta laugarren postuetan ere beste hainbeste gertatu da 7na jasoaldirekin. Telleria jarri da aurretik eta Garmendia laugarren. Telleriak, gainera, beste bi saialdi egin ditu baina ez du lortu harria altxatzea. Dirudienez, ez da oso gustura gelditu. Lau altxaldi eginda, bosgarren egin du Aranburu Guztak. Lehen lau altxaldiak jarraian egin ditu baina handik aurrerako saialdiak baliogabeak izan dira eta etsita amaitu du bere lana. Berdin gertatu zaio Orioko Imanol Royo Lartaini ere. Saialdi ugari egin ditu baina bi aldiz bakarrik lortu du harria bizkarreratzea. Orokorrean jaialdi ona izan da, jendeak animatu du eta giro ederra egon da Amezketako Larrunarri frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!