TOLOFOLK jaialdia 2022-Prentsaurrekoa (Tolosa, 2022-04-08) (20'35'')

Erabiltzailearen aurpegia Anbune 2022ko apirilaren 10a

Bigarren edizioa du TOLOFOLK jaialdiak aurten. Iazko arrakasta kontuan izanik, bost eguneko egitarau oparoa prestatu dute JEA JEAKA kultur elkarteko kideek. Jaialdia apirilaren 20tik 24ra ospatuko da Tolosako hainbat lekutan.

Lehen egunean Abraham Cupeiro helduko zaigu Galiziatik. Abraham multiinstrumentista eta instrumentuen eraikitzailea da. Tolosara hirukote formatoan dator Sabela Caamaño eta Margarida Mariñorekin.

Apirilaren 21ean Lapurdiko Caroline Phillips eta Mixel Ducau izango ditugu gurekin.

Hurrengo egunean bi ekitaldi izango dira. Lehenik, Portugaleteko trikitilari eta musikaria den Xabier Aburruzaga eta bere bandaren txanda izango da. Trikitixa oinarritzat harturik, erritmo bizi eta koloretsuak eskainiko dizkigu instrumentalizazio aberatsaren bidez. Bigarren ekitaldian, berriz, Kubako HABANA 3 taldeak Caribeko doinu eta melodiak ekarriko dizkigu herri-kantekin nahastuz.

Larunbat goizez, Tolosaldea, Katalunia eta Asturiastik datozen musikariek alaituko dituzte Tolosako kaleak. Bi ekitaldi izango dira arratsaldez. Lehenik, Mongoliako herri-musika eskainiko digu Yesun Erdenek. Ondoren, KHAMI folk talde euskaldunak kontzertua emango du EH Plazan.

Azken eguna ere berezia eta ederra izango da. Iparraldeko Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Etxekopar eta Xendarineko Ahizpak helduko dira Tolosara herri-doinu eta herri-kantak ematera gure belarrien gozagarri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!