Ekitaldi ugari burutu dira bertan, bertso-saioa tartean. Alaia Martin, Miren Amuriza eta Julio Sotok ipini dute hitza eta doinua, eta izugarri disfrutatu du bertaratu den jendeak. Jentilbaratzaren erdian hasi dira kantari, Gorriti artista ingurumarian dela. Ikusleak gonbidatu dituzte mairubaratzan sartzera. Hori lortzearekin batera, bertsolariak kanpora irten dira eta hortik jardun dute bertsotan. Gero, zazpi pertsonaietako hirutan bertsolari bana kokatu da alboan eta horietatik jardun dute mitologia gaitzat hartuta. Amaitzeko, kolore ugariz margotutako oholen gainetik aritu dira kantari. Habe eta oholez osaturiko hesi zirkularraren barnera sarrarazi dute jendea. Oholtza berezi honetatik kantatu dituzte azken agurreko bertsoak.