'IV. Bi Harri txapelketa' (Zarautz, 2019-03-31) (36'25'')

Erabiltzailearen aurpegia Anbune 2019ko api. 5a, 22:12

Aurtengoa IV. edizioa izan da Zarautzen egin den Bi Harri txapelketarena. Bi harri baldar jaso behar izan dituzte harri-jasotzaileek: Jai-Txiki harria (116,6 kilo) eta Mollarri harri baldarra (119,2 kilo). Hamar harri-jasotzailek eman dute izena: Jokin Eizmendi, Aimar Irigoien, Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’, Imanol Illarramendi ‘Kortaberri’, Xabier Peñagarikano, Iñigo Eizagirre ‘Eiza’, Josu Urbieta, Sergio Mielgo, Jexuxmari Iruretagoiena ‘Izeta III.a’ eta Gorka Etxeberria. Bi Harri txapelketa honek baditu bere berezitasunak: bi harriak altxatu behar dira txandaka, baina bigarrena ezin da jaso lehena altxatu arte. Zazpi minutuko saio bakarra dago harriak jasotzeko.

Zozketa egin ondoren, Jokin Eizmendiri egokitu zaio hasiera ematea. Pronostiko ugarik faborito moduan ipini dute, eta 20 jasoaldi egin ditu bi harriekin. Bigarren, Aimar Irigoien aritu da, eta bi jasoaldi gehiago eman dizkie harriei. Hogeita hirugarren jasoaldia hasi bezain laster amaitu zaio denbora. Nor izango da hori hautsiko duena? Izeta III.ak izugarrizko lana egin du 21 jasoaldi lortuz. Gainera bera da pisu gutxien duen kirolaria. Bi harri-jasotzaile falta dira lanari ekiteko. Izeta IV.ari azken aurreko txandan jardutea egokitu zaio. Ez du akatsik egin bere aitaren gidaritzapean, eta 23 jasoaldi banatu ditu bi harriren artean. Maila oneko ekitaldia izan da aurtengo txapelketa eta txapela Hodei Iruretagoienak eraman du, beste behin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!