Garai batean, belarra behin ondo iharturik, behi-idiz tiratutako gurdian edo zaldi-behorren gainean zamatu, eta etxeratu egiten zen. Baserriko belartegiak belar onduz betetzen ziren leporaino, eta horrela aseguraturik zegoen ganaduaren elikadura negu guztiko eta udaberriko zati batean.
Askotan baserriak mendien magalean aurkitzen dira, edo-ta, toki malkartsu eta aldapatsuak dituzte. Belarra baserriraino eramateko aidezko garraiobide bat jarri zen martxan hainbat herri eta tokitan, XX. mendearen hasieran. Ataun herrian berebiziko estimazioa izan zuen sistema honek. 1996an egindako lan batean, 197 kable inbentariatu ziren. Bada zerbait. Baserri askotako belarrak kable eta txirriken bidez etxeratzen ziren. Sorta-belarra moldatu eta sokez lotu ostean, txirrikan zintzilikatu eta han joaten zen goitik behera baserriko belartegiraino. Belardietako belar ondu denak, ordea, ez ziren belartegian kabitzen. Orduan, belar-meta edo zuhatzak egiten ziren baserriaren kanpo edo aldamenean. Batzuetan, ordea, belardiak baserritik urruti xamar egonik, belardian bertan egiten ziren. Urriaren 21ean ‘Ohitura zaharren eguna’ burutu dute Ataun San Martinen eta belar-meta edo zuhatza egin dute egitarauaren baitan. Kablea ipini eta sorta-belarrak bidali dituzte txirriken bidez.