Lazkao Txikiren bi bertsoaldirekin eman dute hasiera. Bakarka eta bi ahotsetara kantatuz oso gustagarri egin zaizkio jendeari garai bateko bertsoak. Bertso denak ez dira izan alaiak edo txantxetakoak, tristuratik ere izan du zenbaitetan, adibidez, Joxe Zapirainek 'Alarguna' izenburupean jarritakoak, edo-ta Unai Agirre berak 36ko gerratean Hernanin fusilatutako 200 lagunen oroimenez egindakoak. Pernando amezketarraren pare bat bertso eta Txirritak Pernandori ipinitakoak heldu dira segidan. Xenpelarren 'Ia guriak egin du' bertso ezagunak datoz ondoren, eta bideo hau amaitzeko, Antonio Urbieta oiartzuarrak sei bertsoz osatutako gutuna bidali zion Joxe Joakin "Kaskazuri" anaiari, azken bertsoan beste horrenbeste jartzeko gonbita eginez.
(Larraitz, 2018-12-21) (40'35'')