Zoriona eta asuna

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2021ko urt. 29a, 19:58

Oharkabean igaro dugu Astelehen Urdina delakoa, urtarrileko hirugarrena, urteko egunik tristeena izendatua. Kontzeptu hau 2005ean erabili zuen lehenengoz Sky Travel bidaia agentziak publizitate kanpaina batean, Cardiffeko Unibertsitateko psikologo ikertzaile bati propio eskatutako sasi-formula bat oinarri. 

Helburu komertzial argi bat zuen kanpainak; azken urtean erreserbetan izan zuen jaitsierari buelta eman eta negozioa indartzea, jendearen balizko depresioa baliatuz. Oinarririk gabeko teoria horren gainean eraiki zuten hamaika arrazoirengatik une zailak bizitzen ari zen jendearentzako irtenbidea: bidaia bat paradisura.

Triste, etsita edota haserre egoteko motiboen leihoa zabal-zabalik dagoen garai distopikootan are nabarmenagoa da gizartea hipnotizatzeko eskaintza hori. Nahiz eta, berez, jakin badakigun momentu hauetan falta zaiguna orain ezin dugula inon erosi: aske sentitzea, aitona-amonen besarkada estua, bizitza soziala, amaierarik gabeko hizketaldiak lagunartean, inauterietako parranda bat, familia bazkari bat, ospakizunak, komunitate baten parte sentiarazten gaituzten bilkurak, kontzertu jendetsuak, mobilizazio masiboak… eta ilusioa pizten duten beste hainbat eta hainbat egoera edo plan.

Bizitza egonkor eta eroso baterako hezi izan gaituzte, eta bizi dugun ziurgabetasunak eskema guztiak irauli ditu

Ez da formula zientifikorik behar goibeltasun honen dimentsioa neurtzeko. Existitzen da eta gugan dago. Giroan usaintzen da. Egiaz, uste dut, oro har, etxetik kanpora jaso dugun heziketan ez digutela erakutsi zoriontsu izaten, ez dizkigutela egoera konplexuei aurre egiteko tresnak eman, eta horren ondorio ere badela egoera zail hauetan hedatzen ari den tristura, antsietatea eta etsipena; nahiz eta ohituak gauden presio sozialaren inertziaz hori guztia estaltzen. Funtsean, bizitza egonkor eta eroso baterako hezi izan gaituzte, eta bizi dugun ziurgabetasunak eskema guztiak irauli ditu.

Zoriontasuna ez da kabitzen kaiola txiki eta bakarti hauetan; gure muga mentalen beste aldean dago zain. Inork ez zuen esan bidea erraza denik. Ez da bidaia bat paradisura. Asunez betetako bide bat da. Eta zoriontsu izateko modu bakarra asun horiekin aurrera egiten jakitea da. Berauek ekidin ditzakezu, bidetik garbitu. Edo kontrara, zure aldeko bilakatu ditzakezu, asunari sustraietatik heldu eta sendabelar bihurtuz. Izan ere, beti egongo da hor, gogorarazteko bera sentitu gabe ezingo ginatekeela modu kontziente batean izan zoriontsu.

Hori da bizitza; zoriona eta asuna. Zoriontasuna erdibitzen duen hitz jokoa. Edo sentimenduari osotasuna ematen dioten bi zati ezinbestekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!