Gure boterea

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2019ko aza. 2a, 05:59

Argazkia: Irati Salsamendi/Irutxuloko HItza

Jendea ez da ohartzen duen botereaz. La gent no s'adona del poder que té. Kataluniako irailaren 11ko Diada eguneko ekitaldi instituzionalean abestu zuten Maria Arnal eta Marcel Bagésen kantua, unerik gorenean, Generalitatearen aurrean, erakundeen mezu argia helarazteko herritarrei: ezinbestekoak zarete, ez etsi.

Hilabete geroago, iritsi da esperotako kolpea: buruzagi sozial eta politiko subiranista katalanen aurkako 100 urteko espetxe zigorra, herritarrei euren etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea ahalbidetzeagatik. Kolpea ematearekin batera erori zaio Espainiako estatuari demokrataren maskararen azken zatia. Eta biluzi orduko jantzi du, oraingoan ere, indarkeriaren jaka, hedabideen photoshop-ak ondo estaliko duelakoan.

Tsunamiak ezustean harrapatu du, ordea: aireportu bat, hamaika errepide, presidentearen agenda eta indar polizialen burmuinak blokeatzeraino. Eta herritarren antolatzeko gaitasunean sinesten duen edonork badaki hau herri erantzun baten hasiera besterik ez dela. Nahi adina eta edozein preziotako petatxuak jarrita ere, katalanen herri botereak lortu du Espainia zatiezinari pitzadurak zartaraztea.

Oinarrizko eskubide eta askatasunak kriminalizatu dituen epai honek kontzientzia asko astindu ditu, baita Altsasuko gazteen aurkako sententziak ere. Katalunian zein Euskal Herrian masiboki salatu ditugu azken bi asteburuotan: hilaren 19an Donostian eta 26an Iruñean zein Bartzelonan. Egoerarik etsigarrienean, bat egin dute bidegabekeriek sortutako haserreak eta aurrera egiteko irmotasunak, milaka pertsonen buru eta bihotzetan.

Herri gisa aurrera egiteko determinazioa erakutsi zuen Donostiako manifestazioan, Gure Eskuren bozeramaile Josu Etxaburuk argi adierazi zuen: «Gure erabakitzeko gaitasuna gurea da. Eragotzi dezakete, baina ezin digute kendu». Sinesmen horrekin, erreferendumaren aldeko herri ekimena lantzen ari da Gure Esku, datorren urteari begira, alor anitzetako eragileekin batera, geure borroka eta helburuek bat egiten duten norabidean urrats eraginkorrak egiteko.

Jakin badakigu indarrak batuko bagenitu, gure boterea biderkatu egingo litzatekeela, nahiz eta oraindik ez dugun frogatu noraino iritsi gaitezkeen: herritarrak elkarturik; herritarrak, eragileak... guztiak elkarlanean; eta Euskal Herria eta Herrialde Katalanak bat eginda.

Larrialdi demokratiko honetan, bi aukera besterik ez dauzkagu. Besteen boterea elikatzea, edo guk gurean sinestea. Ez dago erdibidekorik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!