Herria egiteko zerbait asmatu behar dugu; hori da abiapuntua. Horretarako, eta arrazoi identitarioak eta historikoak indartzeko, argitu beharra daukagu abertzaletasunak euskal herritarroi zer ematen digun edo eman behar digun —feminismoak zertarako balio digun argi dugun bezala—. Beraz, fokua praktikotasunean jartzea ezinbestekoa da. Ildo horretan, urrats esanguratsuak egiten ari dira esparru anitzetako eragile sozial ugari, eta agerikoa da burujabetzaren edo geure buruak gobernatzearen aldeko jarrera nagusitzen ari dela azken boladan.
Egunero-egunero banaka zein kolektiboki hartzen ditugun erabaki politikoetatik abiatzen da burujabetza eta, beraz, baita abertzaletasuna ere, hein batean; nongo esnea gosaldu, telebistan zein kate jarri, garraio bat ala bestea erabili, zer jantzi, nola eta norekin izan harremanak, lehen hitza euskaraz egin ala ez, plastikoa erosi ala ez, sare sozialetan zein profil edo orrialde jarraitu, zer irakurri, non erosi, denbora librean zer egin...
Herria burujabetzatik eraikitzeko bidean, ideia, egitasmo eta estrategia handiak bezain garrantzitsuak dira azken urteotan tokian toki eta arloz arlo sortzen ari diren proiektuak, praktika onei zuzenean lotuta daudenak. Euskaraldia, Errigora, GoiEner eta Ene kantak, esaterako. Zerrenda luze horri berri bat gehitu zaio duela hilabete gutxi batzuk: CodeSyntax-ek garatu duen Egunean Behin jokoa.
Egunean Behin mugikorretarako aplikazio bat da, euskarazko galdera-erantzunezko joko bat. Batez ere Euskal Herrian oinarritutako 10 galdera erantzun behar dira egunero, bertako erreferentziak eta kanpokoak uztartuta, eta sari bat jokatzen da astero. 12.000 erabiltzaile baino gehiago konkistatu ditu dagoeneko, eta erraz harrapatzekoa bada ere, nekez biziatu daiteke joko honetara; egunean behin bakarrik jolastu baitaiteke. Hori bai, gaur aplikazioa jaitsi eta lehen frogatxoa egiten baduzu, kostako zaizu bihar huts egitea.
XXI. mendeko abertzaletasunak bizirik iraungo badu, halako proiektu «txikien» eraginean ere sinistu eta inbertitu beharko dugu eta egunean behin baino gehiagotan jarri beharko ditugu zalantzan hartzen ditugun erabaki «txiki» handi guztiak.