Eta, lokartu aurretik, hausnarketa saioa. Hasi nintzen mugikorreko oharretan zerrendatzen, egunero-egunero, heteropatriarkatu kapitalistaren inertziek gidatuta, zenbat kontraesan sortzen ditudan neure baitan.
Adibidez, zergatik depilatzen ditudan besapeko ileak eta margotzen bekainetakoak. Zergatik kostatzen zaidan, hainbeste, interneteko erosketei uko egitea. Zergatik ditudan aurreiritziak, sistemak araututako 'normaltasunetik' ateratzen direnekiko. Zergatik dudan hain normalizatua amak, jardunaldi osoko lanaz gain, astero, gutxienez, beste 20 ordu eskaintzea zaintza eta etxeko lanei... Eta, beste hamaika kontu, artikulu honetara ekarriz gero, erabat biluztuko ninduketenak.
Iazko mugarriari jarraipena eman dion aurtengo greba feminista, inflexio puntua izaten ari da Euskal Herrian; Tolosaldean, azken urteetan egin diren mobilizazio egun jendetsuenetakoa. Hogeita sei urtean, ez dut sekula, Trianguloa, horrela ikusi eta horrela sentitu. Agerikoa da, borroka eta aldarri feministekin gero eta emakume gehiago, eta euskal gizartearen gehiengo zabala, ari direla bat egiten. Dimentsioa handitzen doan heinean, gainera, urtetik urtera, martxoaren 8a gero eta aldarri eta gako argiagoekin dator; erreibindikazio maila nabarmen igo da. Feminismotik, burujabetza eraikitzen ari gara, eta sakoneko prozesu horrek ezinbestekoak ditu sakoneko edukiak, eta hausnarketa koherenteak, anitzak, pedagogikoak.
Feminismoaren inguruan asko hitz egiten da, eta gutxi irakurri, entzun, ikusi. Hutsune hori bete duten eta betetzen ari diren emakumeei zor diegu, gure ahalduntzearen zati handi bat. Hain justu, informazioa delako, ahalduntzeko lehen zimendua. Oinarri hori zein materialekin, zein edukirekin, osatzen dugun, hori da gakoa; zer irakurri, zer ikusi eta zer entzuten dugun, eta nondik informatzen garen, kontziente izatea. Zein eduki mota kontsumitzen ditugun eta nor edo zer dagoen jasotzen dugun informazioaren atzean. Egunero kontzienteki hartzen ditugun erabakien artean behar luke hautu horrek, hautu hori bera izan daitekeelako, gure kontraesanak sortzeko iturria edo, alderantziz, horiek azaleratzekoa.
Kontuak kontu, fokua norberarengan jartzeko balio behar du martxoaren 8ak, eta gainerako 364 egunetan ditugun kontraesanez pentsatzen jartzeko, hausnartzeko. Kontzientzia astintzen hasitakoan, orduan sentitzen duzu atzera bueltarik gabeko bide batean zaudela. Eta hala izan behar duela. Ez dagoelako aurrera egiteko beste biderik, borroka feminista ez denik.