Une horretan bertan hasi zen irakaslea hizketan, berak buelta erdia eman zuen eta ni zur eta lur geratu nintzen, ezerezari begira. Existitzen al da ba alardea hitza txinatarrez? Tira, hori baino galdera sakonagoak etorri zitzaizkidan burura. Batez ere, nire eskemetan ordura arte ez zelako behin ere kabitu diskriminatzailetzat nituen horietako bat hain hurbil izatea. Memorian iltzatuta geratu zait une hori.
Edonola ere, hamaika dira oinarrizko printzipioak eta gizatasuna errotutzat emateagatik jasotako zaplaztekoak, ezusteak, disgustuak; batzuk bistakoak, egunerokoak, besteak, bizipen pertsonalak. Kontua da etsaia edo mehatxua etxean sentitzea bezalakorik ez dagoela aktibatzeko, pizteko, mugitzeko eta jabetzeko emakumeon eskubideen bidean zenbat sasi dagoen oraindik garbitzeko, aurrerapausoak eman badira ere.
Egoera horretan, harrigarria eta aztertzekoa iruditzen zait matxismoa jaun eta jabe den sistema honetan, matxismoak emakumeak hil, bortxatu, makurtu egiten dituen bitartean, matxismoak gure bizitzetako ia esparru guztietan ukabilkadak ematen dizkigun honetan, feminismoari edota mugimendu feministari azaleko kritikak —apenas, eraikitzaileak— egiteko tendentzia.
«Ni ez naiz feminista, berdinzalea baizik» ere entzun ohi da han eta hemen. Eta ondorioztatu daiteke hori dioena ez dela identifikatuta sentitzen mugimendu feministarekin. Ados. Ez duela bat egiten molde jakin batzuekin. Ados. Baina gizonezkoen eta emakumezkoen arteko parekidetasuna defendatzen duen oro feminista da. Nekez uler daiteke berdintasunaren alde lan egiteko bestelako mentalitaterik.
Hori barneratu bitartean, ariketa ondorengoa da: jarri berdintasuna feminismoa jartzen duen leku guztietan. Ea gehiago gustatzen zaizun. Eta, emakumea bazara, gogoratu nori esker bozkatzen dugun, nori esker eman ditugun aurrerapausoak, nork azaleratu eta salatzen dituen etengabe gizonekiko ditugun ezberdintasunak, desabantailak, hilketak, erasoak, egoera bidegabeak, nor ari den rolak aldarazten, nork babestuko zaituen baldintzarik gabe, nork borrokatzen duen zure eskubideen alde, nork sinesten zaituen beti, nork ahalduntzen, nork zaintzen. Trukean ezer eskatu gabe.