Zorionekoa

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2018ko uztailaren 8a

- Neska ala mutila dator?

- Jaio arte ez dugu jakingo.

Amaren sabelean zinela zenbat aldiz entzun ote zenuen galdera bera. Eta goxo-goxo zinen bitartean, kanpoan sistema oso bat erantzunaren zain, zu alde batera zein bestera bideratu eta martxan jartzeko, kapitalismoak zehaztu zitzan zure izaera, dohainak, gustuak eta etorkizuna.

Jaio orduko, sexuaren arabera erabaki behar izan zuten zure izena, «legezkoa» izan zedin. Munduratu zinen egunean ixa bat jarri zuten zure fitxan, eta ordutik sexu-bereizleak topatu dituzu non-nahi, esparru askotan: kalean, medikuarenean, dendetan... Eta hasi dira ditxosozko bereizketa horren arabera kalifikatzen zu, aurrerantzean egingo duten moduan: urdina ala arrosa, sinpatikoa ala polita, bihurria ala zintzoa, super-heroia ala printzesa, kotxeak edo panpinak, futbola edo dantza, suhiltzailea edo idazkaria, ausarta ala sentikorra, indartsua edo ahula, errebeldea edo arduratsua, bizkorra ala langilea, seduktorea edo probokatzailea, errugabea ala erruduna, berdinzalea edo feminazia...

Zure ama temati saiatuko da, orain artean bezala, aurrerantzean ere, neska-mutil binomio horrek zuri ez eragiten; zure aita ere ahaleginduko da arau horietatik guztietatik aldentzen. Baina emakumeen genitalekin jaio zara eta sistemak etengabe gogoraraziko dizu hori, mozorrotuta batzuetan, gupidarik gabe sarri, eta gorputz zakildunen ahots eta eskuen laguntzaz egunero. Urteak bete ahala ikasi, ikusi eta biziko duzu zer esan nahi duen horrek. Gogorra izango da behin eta berriro pareta berarekin topo egitea, eta berau suntsitzen ahalegintzea, harresietako txarrantxetan larrua uzteraino.

Halako batean, ordea, jabetuko zara milioika direla zuk eraitsi nahi duzun horma hori adreiluz adreilu desegiten ari diren emakumeak. Egunero-egunero, atsedenik gabe, zure borroka berean daudenak. Une horretan mundu berri bat ezagutuko duzu. Feminismoak begiak irekiko dizkizu, eta ezer ez da berdin izango; indartsuago, kontzienteago, babestuago, konprometituago, zoriontsuago eta ahaldunduagoa izango zara. Eta amorrua darion irribarrez, patriarkatuari adreilu bat gehiago kentzen diozun bitartean, konbentzituta, pentsatuko duzu: zorionekoa ni.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!