Inurriak, adibidez, edozein motatako katastrofeen aurrean, antolatu egiten dira, eta, ahalik eta eraginkorrenak izateko, unean bertan hartzen dituzte erabakiak; zer eta nola egin, eta nork zein ardura hartu, bakoitzaren gaitasunen arabera. Inurrien lanarekin alderatu ohi ditugu sarri gure lanak, neketsuak baina emankorrak direnean. Ez kasualitatez.
Euren herria alarma egoeran dagoenetik, katalanek ere elkarrekin egin behar izan dute bidea, ezinbestean. Zenbat eta errepresio handiagoa, orduan eta herri erantzun indartsuagoa. Eta, gorabeherak gorabehera, jakin dute sarea sendotu eta antolatzen, eta egoerak eskatzen duen tamainako erantzuna ematen, errepublikarantz urratsak egiteko. Kataluniak erakutsi digu bat eginda soilik egin dezakeela herri batek aurrera.
Euskal herritarrok urteetan erakutsi dugu gure herria, gure hizkuntza, gure kultura eta gure helburuak bizirik mantendu eta elikatzeko sena. Bizirik atera gara, bai, baina oraindik ez dakigu zertarako garen gai, benetan guztiok bat egiten badugu, batzen gaituen horri heltzen badiogu.
Azken hilabeteotan arrazoi ugarik bildu gaituzte kaleetan eta hasi gara irudikatzen etorkizunean nahi dugun herria. Mugimendu feministak deituta inoizko mobilizaziorik jendetsuenak egin ditugu. Pentsio duinen alde milaka eta milaka lagun atera gara kalera. Altsasuko auziak beste hainbeste herritar mobilizatu gaitu. Eta zerrenda luzea osatu dezakegu aurten piztutako protesta eta aldarrikapen arrakastatsuekin.
Zorionez, badirudi ziklo berri bat zabaltzera goazela. Eta herri gisa jarduteko eremu, proiektu eta helburu komunak sortzen ari dira, orain inoiz baino gehiago. Euskaraldia dela bateko, 'Demokrazia bai' plataforma besteko, Gure Esku Dagoren Herritarron Ituna egitasmoa, Eusko Ikaskuntzaren kongresua… Euskal Herrian ziklo berri horrek berarekin ekarri beharko du egun ditugun arazo sozial eta politikoei bide emango dien erabakia, gure herriaren etorkizunari buruzko erabakia, alegia.
Eta hori, edo elkarrekin lortuko dugu, edo ez da izango. Daukaguna defendatzen jarraituko dugu. Bizirik irauteaz gain, ordea, etorkizunean nahi dugun Euskal Herria ere elkarrekin eraikitzen hastea dagokigu. Hori irudikatzeko eguna izango da ekainaren 10a. Giza katean erakutsiko dugu ez gaudela prest pauso bat bera ere atzera egiteko. Milaka eta milaka garela erabaki nahi dugun herritarrak. Geldiezinak. Etorkizun hobe bat nahi dugunak. Gure gaitasunean eta indarrean sinesten dugunak. Eta elkarri eskua ematen diogunean, sentituko dugu, alarmak jotzen duenean elkarrekin jarduteko ez ezik, besteen alarmak piztarazteko gai ere bagarela.