Hutsuneak

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2018ko ots. 25a, 08:52

Irakasleak azaldu zigun behin hutsa ez zela existitzen: «Partikulaz betea dago». Gogoan dut oraindik zenbat buelta eman genizkion teoria horri ikasgelan, zientifikoki hori ulertuko zuenik ez zenez, gure eskemetatik mugitu ere egin gabe.

Baina denok joan ginen ikastolatik etxera mundua deskubritu genuen sentsazioarekin. Orduan jabetu nintzen bizitza honetan azaldu ezingo nituen gauzak ere ikasiko nituela.

Handik gutxira ezagutu genuen Oteiza, eta bere eskulturen eta filosofiaren eskutik, hutsa ez dela ezereza, hutsa betea dagoela. Eta ez hori bakarrik. Hutsune bakoitza aktibo bat dela zioen. Beraz, teoria berberak zientziatik harago dagoen esparru bat ere konkistatua zuen: «Azkenean egia izango da zientzialari zoro horiek ziotena». Artistaren obrak interpretatu ez, baina ideia bera ondo jaso genuen gure disko gogorretan.

Segituan hasi zen agertzen, ordea, «hutsunea» hitza sentimendu jakin bati izena jartzeko. Abstraktuegia egiten zitzaidan identifikatzeko, nahiz eta kontziente izan hori noizbait nire barnean, lehen pertsonan, sentitzea egokituko zitzaidala. Jakin-min hori ase nuen eguna ere gogoan dut. «Hutsunea sentitzen dut» hitzez lehen aldiz adierazi nuen momentu hura.

Zuk ere seguru sentitu duzula hori, gutxienez, behin, eta segur aski behin baino gehiagotan. Liburu bat amaitzen duzunean, amets gozo horretatik esnatzean, lanez edota etxez aldatzean, bidaia batetik bueltatzean, bi astez eguzkia ikusi ez duzunean, umetako argazkiak begiratzean, goserik ez duzunetan, hausterre egunean... Baina beti da hutsunerik sakonena zerbaitena baino, norbaitena denean.

Bigarren hutsune mota hori sentitu orduko gogoratzen naiz behin ere ulertuko ez ditudan teoriekin. Orduan jabetzen naiz, ordea, faltan botatzen dudan pertsona horrek ez didala barnean zulorik utzi, bete besterik ez didala egin. Ez didala ezer kendu, eman egin didala. Eta hutsa, beraz, finean, ez dela existitzen, eta Oteizak arrazoi, aktibo bihurtzen denean, ez dela aienatuko duenik.

Kontraesan hutsa da. Huts-hutsa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!