Nik ez dizut medailarik jarriko

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2017ko abe. 3a, 10:50

Sinetsita zaude inguruan dituzun gizonezkoekin alderatuta, krak bat zarela. Ez duzu beste inor ezagutzen etxean plantxa egiten duenik. Zure etxean sukaldean trebatuena zu omen zara, eta gainera, eguerdiro zuk kozinatzen duzu, etxeko denentzat.

Eta ez hori bakarrik, ondoren guztia zuk bakar-bakarrik garbitu eta jasotzen duzu. Erosketak zuk egiten dituzu astean behin; Alde Zaharreko dendetan batetik bestera ibiltzen zara. Seme-alaben meriendak zuk prestatzen dituzu gehienetan eta zu joaten zara beraien bila ikastolara arratsaldero, lanetik ateratakoan, korrika, nekearen zama arrastaka daroazula.

Kuadrillan sarri aipatu izan duzu zure etxean lanak erdibana egiten dituzuela bikotearen eta bion artean. Eta barre algara artean jasotzen dituzu laudorioak: «Zu bai etxerako moduko gizona!». Ze, noski, zu bezalako gizonak gutxi dira eta txunditu egiten dituzu. Nahiz eta jakin, benetan, lanak ez ezik ardurak ere ez dituzuela maila berean banatzen.

«Berak askoz ere gaitasun handiagoa dauka guztia antolatzeko». Zurea bai pagotxa. Eta pagotxa bikoitza ze, ulertzen ez baduzu ere, berari asko kostatzen zaio seme-alabak zurekin utzi eta planak egitea, bileretara joatea, lagunekin afaltzea, kirola egitea, ikastaro bat, kontzertua, hitzaldia... Zuri ez. Luxua da hori zuretzat. Ez duzu ikusi nahi pagotxatzat duzun hori bera dela balantza desorekatzen duena. Horregatik ez zara saiatzen aldatzen. Ez duzu esfortzu hori egin nahi.

Eta esfortzu hori egin nahi ez dutenen beste espezie bat da, beste askoren artean, asteburuetan master chef bilakatzen diren horiena. Gauza bera pasatzen baita aste osoan amak edota bikoteak prestatutako bazkari eta afariak irentsi ostean, familia osoaren aurrean, edo lagunartean, emakumeek sukaldera sartzea debekatuta daukaten elkarte gastronomiko horietako batean, patxadaz eta umore onez, gustuz, bazkaria prestatu eta belarriak zabal- zabalik mahaian esertzen diren horiek guztiekin.

Aitortzen dut osabari «artista zara» esatera behartuta sentitzen naizen une horretan, hanketako behatzak estutu ohi ditudala, amorruz, jabetzen naizelako esker on hori, emakumea balitz, ez niokeela berdin aitortuko. Ohartzen naizelako etxeko olinpiaden podiumean champions direnei ez zaiela egiten duten lana aitortzen.

Bada garaia Lilatoian korri egin ezin dutelako kexu diren horiek guztiek, eta gainerakoek, beste esparru batzuetan parte har dezaten, trukean medailarik jaso gabe. Eta bai, aitortzen dut egunero berdintasunaren alde lanean ari diren gizonezkoei txalo batzuk eskaintzea eraginkorragoa dela urrats gehiago egiteko, iritzi artikulu hau plazaratzea baino. Barrena hustu eta gero, autokritika; hurrengoan, alderantziz egiteko aldartea eta borondatea izango dudalakoan. Bide batez, besarkada bana afaltzera gonbidatu eta gai honi buruz luze hitz egiteko aukera eman didaten lagun krak, master chef eta champions-ei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!