Esaldiaren jatorria bilatzen hasi eta egilea topatu dut: Rosa Luxenburgo iraultzaile eta teorialari marxista, jatorriz poloniarra eta judua. Ezin aipatu gabe utzi zein gutxi ezagutzen ditugun historia egin duten emakumeak, eta zein gutxi halako esaldi itzelen atzean dauden edukiak eta istorioak.
Txori bat kaiolan. Amarekin kartzelan bizi den haurra. Santa Klarako mojak. Sare sozialen mende dagoen nerabea. Nagikeriagatik bidaiatzen ez duen gaztea. Gurasoak langabezian dituena. Futbol partidak barrua husteko baliatzen dituen hooligana. Biluztean deseroso sentitzen dena. Egunero egunkariak esaten dizkion gezurrak sinesten dituena. Ama minbiziak jota hil zaion ameslaria. Bihar ere lanean gutxietsita sentituko den laguna. Deskonektatzeko Tele5 ikusten duena. Behin ere Uzturre zapaldu ez duen hipsterra... Hamaika katek lotu ahal gaituzte. Lotzen gaituzte.
Kateak astun eta estu sentitzen dituzte Katalunian. Mugitu diren seinale. Azken egunotan inoiz baino ageriago geratu dira herdoildutako kate horiek guztiak, Espainiako Gobernua urriaren 1eko erreferendumaren aurka bultzatzen ari den neurri errepresibo asaldagarriekin. Baina agerian geratu da, guztiaren gainetik, herri bat mugimenduan denean, ez dagoela geldituko duenik. Hori da katalanek eman diguten irakaspen nagusia.
Eta zenbati entzun ote diodan bi aldeak urrunegi joan direla, bi trenek talka egingo dutela eta honek ez duela ongi bukatuko; Kataluniaren eta Espainiaren jarrerak maila berean jarriz, herritarren borondateari demokratikoki bide emateko erreferenduma deitzea, eta hori oztopatzeko «edozer» egitea, biak zilegi balira bezala, seme-alabak borrokan ari direnean errieta biei egin behar dien gurasoaren neutraltasunetik. Baina, tira, irakurtzen duguna gara. Ez dago beste azalpenik.
Orain bi aste 30.000 lagun baino gehiago atera ginen kalera Kataluniako herriari babesa adierazteko eta erantzun antidemokratikoak salatzeko, Gure Esku Dagok deituta. Biharko manifestazioan parte hartze altuagoa espero da, arrazoiek gero eta pisu gehiago dutelako, besteak beste. Erabakitzeko eskubidearen aldeko eragile sozial, politiko eta sindikalek bat egin izanak ere lagunduko duelakoan nago —egoera larri honetatik zerbait ona atera dugu, behintzat. Erantzun bateratu bat—. Baina badakigu Bilboko Autonomia kalea ez ezik, hiriko kale denak betetzeko moduko erantzuna eman beharko genukeela. Gure erabakitzeko eskubidea ere jokoan dagoelako. Nire galdera da ea euskal herritarren gehiengoak ez duen katerik sentitzen, edo, are kezkagarriagoa, kateak sentitzen baldin baditugu, zergatik ez garen mugitzen.