Lehen partidan, Sebas Etcheberri- Oihan Borteyru eta Santi Hualde-Sebas Moncada bikoteak ziren aurrez aurre. Lehen jokoa oso gogorra izan zen; erritmo eta abiadura handian jokatua, eta bi aurrelarik, Sebases, batetik, eta, bereziki, Santik, bestetik, jotzaile handiak izanik, tantu ikusgarriak eskaini zituzten. Atzelariak, Oihan eta Sebas ez dira jotzaile handiak, baina beraiei tantua egitea asko kostatzen da, eta tantua ez dute nolanahi galtzen, eta itzuli ezinak diruditen pilota asko, frontisean jartzea lortzen dute. Horrela, lehen joko hau oso paretsua joan zen, berdinketa ugarirekin, eta azkena, 13nakoa, baina lehen joko hau, azken bi tantuak eginda, Hualde-Moncada bikoak 15-13 irabazi zuen.
Bigarren jokoa ere antzekoa izatea aurreikusten zen, eta ez zen horrela izan. Santik eta Sebasek 7-1 aurreratzea lortu zuten, batik bat, Sebas Etcheberrik normalean egiten ez dituen huts batzuei esker. Gainera, bere bikokideak, Oihanek, partidaren zati honetan, pilota zail bat bueltzean, kolpe handi bat hartu zuen saihetsean, eta minduta geratu zen, eta, zoritxarrez, bere errendimendua asko jaitsi zen. Horrela, Santi Hualde-Sebas Moncada bikoak 15-8 irabazi zuen bigarren joko hau, eta finalerako txartela lortu zuten.
Segidan, ikusmin handia zegoen bigarren finalerdiko pilotariak kantxaratu ziren; batetik, Jon Larronde-Denis Petrissans eta, bestetik, Bruno Driolet eta Andoni Castera.
Une honetan, biak ala biak, bikote bezala, osa daitezkeen Munduko Xare bikoterik onenetakoak esango nuke.
Lehen jokoaren lehen tantutik ikusi zen, lehia ikaragarria izango zela, eta horrelaxe izan zen. Tantu ikusgarriak eskaini zizkiguten lau pilotariek, bai aintzinekoek -Brunok eta Jonek- bai gibelekoek- Andonik eta Denisek. Baina ikuslea gehien harritzen duena, abiadura horretan pilotan denbora luzez aritzeko duten gaitasuna eta pilota arrunt zailetara iristea da, zango eta gorputz malgutasun ikusgarriak dituztela erakutsiz. Lehen joku honetan, markagailua paretsu joan zen jokoaren azken bost tantuetara arte. Hemen Jon eta Denis 13-10 aurreratu
ziren, eta bazirudien lehen jokoa eurentzat izango zela, baina usteak erdia ustel, Brunok eta Andonik 0-5eko partziala eginda, 13-15 irabazi zuten lehen jokoa.
Lehena ikusita, bigarrena ikusteko irrikitan zegoen trinketera hurbildu zen ikuslego gutxia. Joku honek ere lehenaren haririk jarraitu zuen; parekotasuna izan zen nagusi, jokoaren lehen erdira arte, baina zati honetan Denis Petrissansek, nekea pilatuta edo, beherakada txiki bat izan zuen, eta hori baliatuz, lauzpabost tantutako aldea hartzea lortu zuten Brunok eta Andonik. Hortik aurrera, Larronde-Petrissans bikoak, saiatu bazen ere, ezin izan zuen markagailua irauli, eta merezimendu osoz, Driolet-Castera bikoak 10-15 irabazi zuen bigarren joko hau ere, finala jokatzeko sailkatuz.
Ondorioz, esanda bezala, datorren larunbatean, urriaren 3an, 11:30ean, Hualde-Moncada eta Driolet-Castera bikoek jokatuko dute VIII. San Migel Xare Irekiaren finala.