Lehen partidan, ondo ekin zioten partidari Xuban Lopetegik eta Oier Iturbek. Joku erasokor eta ona eginez, 6-3 aurreratu ziren markagailuan. Hemendik aurrera, ordea, Santi Hualde eta Sebas Moncada euren jokoa egiten hasi ziren, eta tantoari eusten hasi ziren. Horrela, tantuz tantu, 0-5eko partziala eginda, 6-8 aurrea hartzea lortu zuten.
Hala ere, Irurar biko gazteak ez zuen etsi, eta lehen jokoa oso ondo lehiatu zuen. Horrela, 10-11 hurbiltzea lortu zuten, baina azken zati honetan Santik sakearekin asko asmatu zuen, eta lehen jokoa 11-15 irabazi zuten Santik eta Sebasek.
Bigarren jokoan, Hualde-Moncada bikoak, lehen jokoko azken zatiko erritmoari eutsi egin zion, eta Lopetegi II-Iturbe bikoak, berriz, behera egin zuen, eta ez zen gauza izan bigarren jokoaren lehian sartzeko. Azkenean, Santi Hualdek eta Sebas Moncadak 6-15, erraz, mendean hartu zituzten Xuban Lopetegi eta Oier Iturbe. Ondorioz, biko irabazlea, Hualde-Moncada, finalerdietarako sailkatu da.
Bigarren partidan, Bruno Driolet- Andoni Castera bikoa eta Joxi Lopetegi- Pello Armendariz bikoa ziren aurrez aurre. Hemen ere, VIII. San Migel Xare Irekiaren finalerdietarako txartela zegoen jokoan.
Lehen jokoan, Bruno eta Andoni oso ondo sartu ziren partidan, eta dida batean aldea ireki zuten markagailuan. Joxik eta Pellok ez zuten jokoaren lehian sartzeko aukerarik izan, eta erabat menpean hartu zituzten Brunok eta Andonik lehen joko honetan, 15-9 irabaziz.
Bigarren jokoan, jokuaren bilakaera dezente aldatu zen, eta Bruno eta Andoni ez ziren hain nagusi. Pellok, Andoni gehiago mugiarazi zuen, eta Joxik tantuak amaitzeko aukerako pilota gehiago izan zuen, eta ez zuen hutsik egin. Ondorioz, bigarren jokoa oso berdindua joan zen azken unera arte. Azkenean Driolek-Castera bikoak, zorte apur bat eta guzti, 15-13 bigarren jokoa ere irabaztea lortu zuen. Ondorioz, hauek ere finalerdietarako sailkatu dira.
Finalerdiak, datorren ostiralean, irailaren 25ean,19:00etan, jokatuko dira Irurako Ametsa trinketean.