Larronde-Petrissans eta Etcheberri-Borteyru finalerdietara!

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea

 

Ostiralean jokatutako 2. jardunaldiko euren partidak irabazi ondoren, bi biko horiek finalerdietan izango dira.

 

Jon Larrondek eta Denis Petrissansek ez zuten kupidarik izan Xuban Lopetegi eta Oier Iturbe irurar biko gaztearekin eta  2-0(15-8/15-2) irabazi zieten. Lehen jokoan Xubanek eta Oierrek nahiko ondo eutsi zieten  haseran Jon eta Denisi, baina Hazparneko bikoaren sendotasunaren aurrean ezin izan zuten deus egin. Bigarren jokoan, berriz,  arnasik hartzen ere ez zieten utzi irurarrei, eta  bi tantu baino ez zizkieten egin hazpandarrei. 

Emaitza honekin, Jon Larronde-Denis Petrissans bikoa finalerdietarako sailkatu da. 

Bigarren partidan, Sebas Etcheberrik eta Oihan Borteyruk 2-1 (13-15/15-12/ 10-6) mendean hartu zituzten Oxan Halsouet eta Jon Lafarge. 

Ametsa trinketean zegoen  ikusle gutxiren aurrean, azken urteetan ikusi dugun xareko partidarik  ikusgarriena ikusi genuen ostiralean trinketean.    Lau pilotariek euren onena eman zuten, eta tantu ikusgarriak  eskaini zizkiguten, kittarako   azken jokora arte.

Sebas Etcheberri, pilotari indartsua da, eta oso bizi darabil pilota, bere sake indartsua baliatuz; Oihan Borteyru, bertiz,  xareko pilotari osoa da,  postura eta jokaldi guztiak menperatzen ditu, baina ezaugarriren bat azpimarratzekotan,  pilotari oso segurua eta  nekaezina izatea da. 

Bikote honen ezaugarri horiek kontuan hartuta, oso zaila da bikote honi irabaztea. Euren aurkariak ere ez dira besamotzak; Oxan Halsouet(18 urte)eta Jon Lafarge(21 urte)  23 urtez azpiko Munduko Txapeldunak dira, eta egun urrian Argentinan jokatuko den Munduko Euskal Pilota Txapelketarako Frantziako Selekzioko kide dira.  

Oxan Halsouet gazteak nahieran ibiltzen du pilota,  daukan ezker esku ikusgarriarekin, eta txundituta utzi gintuen egin zituen  tantu izugarriekin; Jon Lafarge,  bere bikote lagun gaztea ere  oso pilotaria da, eta Oihan Borteyruren antzeko ezaugarriak dituen arren, Oihanek daukan ziurtasun izugarri hori  izatea falta zaio oraindik . Hori izan zen  neurketa Sebas Etcheberrik eta Oihan Borteyruk irabazi izanaren arrazoi nagusia. 

Garaipen honekin Etcheberri- Borteyru bikoa ere finalerdietarako sailkatu da.

Finalerdietarako beste bi bikoak, datorren ostiralean jokatuko den 3. jardunalditik aterako dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!