Irekiera partida, Joxi Lopetegi-Pello Armendariz eta Sebas Etcheberri - Oihan Borteyru bikoek jokatu zuten. Joxik eta Pellok hasera bikaina eman zioten partidaren lehen jokoari, eta 7-1 aurreratu baziren ere, Sebasek eta Oihanek kantxan bere lekua hartu zutenean, erasora pasa ziren euren jokoa aldatuz; Pello Armendariz atzelari nafarrari pasa zioten zama guztia, Joxi Lopetegi jokoz kanpo utziz. Horrela pixkana-pixkana partida berdintzea(10-10)lortu zuten, eta hortik aurrera, nagusi izan ziren Sebas Etcheberri eta Oihan Borteyru, eta 11-15 irabazi zuten lehen jokoa.
Bigarren jokoa, alderantziz hasi zen. Sebas eta Oihan erraz aurreratu ziren markagailuan, eta hartutako abantailari eutsiz, lehen jokuko amaieran egindako jokamoldea mantenduz, bigarren jokoa ere irabaztea (10-15) lortu zuten. Hortaz, Etcheberri-Borteyru bikoak lehen bi puntuak sakuratu zituen.
Bigarren partida, Santi Hualde-Sebas Moncada eta Jon Larronde-Denis Petrissans bikoek jokatu zuten.
Lehen jokoan, Santi Hualderen joko erasokorrak ezustean harrapatu zituen Jon Larronde eta Denis Petrissans, eta, gainera, erasoko joku horretan bete-betean asmatu zuen, tantu ikusgarriak lortuz. Gainera, Sebas Moncadaren gibeleko joku segurua baliatuz, lehen jokoa erraz samar(15-9) irabazi zuten Santik eta Sebasek. Bigarren jokoan, eskarmentu handiko bikoa osatzen dutela erakutsi zuten Jon Larrondek eta Denis Petrissansek. Eurak ere Santik lehen jokoan egindako jokua egiten hasi ziren, alegia, erasora jokatzen, Santi defentsan juxtu samar zebilela ikusiz. Hauek ere joko horretan bete-betean asmatu zuten, eta bigarren jokoa nagusitasun osoz(7-15) irabazi zuten. Hortaz, inork nahi izaten ez duen kittarako jokoa jokatu beharra zegoen.
Joku honetan lau pilotariek euren onena erakutsi ziguten, ikaragarri jokatu zuten, eta berdinketa ugariren ondoren, azken tantura ere berdinduta(9-9) iritsi ziren. Ikusmin eta emozio handia sortu zen trinketean hurbildutako ikusleengan. Jokoan zegoen azken tantua, eta piloteo luze samar baten ondoren, Santik, pilota erraz bat hartu zuen bere ezker esku indartsuarekin tantua amaitzeko, baina, partidan zehar, frailea(punpa tambor) joz, hainbeste tantu egin eta gero, oraingoan ez zuen zorterik izan, eta zuzeneko fraile-sare bat, falta dena, egin zuen, Ondorioz, partida eta bi puntuak Jon Larronde eta Denis Petrissansentzat. Santi Hualdek eta Sebas Moncadak ere ez ziren eskuhutsik geratu, joku bat irabazi zutenez, puntu bat, bederen, eskuratuko dutelako.