Nagusi mailako Gipuzkoako Txapelketaren hiru final jokatuko dira larunbat arratsaldean, hilaren 7an (16:00), Irurako Ametsa trinketean: nagusi mailako xarekoa eta nagusi mailako eskuz banakako 1. maila eta 2. mailako finalak.
Lehen finala (16:00) xarekoa izango da, eta Ametsa Pilota Elkarteko Mendizabal-Mujika eta Gibelalde-Iturbe bikoek jokatuko dute elkarren kontra. Nagusi izan da Mendizabal-Mujika bikoa ligaxkan, eta ligaxkako lehen postua eskuratuta, finalerako zuzenean sailkatu ziren. Gibelalde-Iturbe bikoak, berriz, finalerdia jokatu behar izan zuen Lopetegi II-Huizi bikoaren kontra, eta finalerdi on bat jokatu eta irabazita finalerako txartela lortu zuen Gibelalde-Iturbe bikoak. Aurreikuspenak betetzen badira, faborito garbirik ez badago ere, partida lehiatua eta tentsio handikoa izatea aurreikusten da. Batik bat, lau pilotariek euren maila ematen badute, eta, jakina, horrela izatea espero eta desio dugu. Hortaz, xareko partida estu, lehiatu eta ikusgarria ikusi ahal izango da larunbatean (16:00) Ametsa trinketean.
Segidan, eskuz banakako lehen mailako eta bigarren mailako Gipuzkoako Txapelketaren bi finalak jokatuko dira: 2. mailakoan Abantzu elkarteko Alonso Behar Zana elkarteko Elolaren kontra, eta 1. mailakoan Errenteriako EPLE elkarteko Tabernak eta Chiapusok jokatuko dute elkarren kontra.