Finala, erabakita!

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2026ko otsailaren 28a

Gibelalde-Iturbe eta  Mendizabal-Mujika I.a bikoek jokatuko dute Maila Nagusiko   Gipuzkoako Xare Txapelketaren  finala.

 

Unai Gibelaldek eta Oier Iturbek 40-31 irabazi zieten Xuban Lopetegi eta Gorka Huiziri, ostiralean Irurako Ametsa trinketean jokatu zen finalerdia.

Faborito ziren Unai eta Oier, eta ez zen ezustekorik izan.  Hasera-haseratik  markagailuan aurrea hartzea lortu zuten Unaik eta Oierrek (12-6/20-15), eta horrek lasaitasun apur bat  eman zien , baina ez erabatekoa,  aldeak ez zirelako erabakigarriak, eta pilotan lauzpabost tantu edo gehiago, sarritan ez direlako nahikoa izaten partidak erabakitzeko. Hori dela eta, tentsioa  nabaria zen kantxan lau pilotarien artean.

Xuban ondo ari zen, bai erasoan bai defentsan, jokoan asko sartuz eta tantuak ondo amaituz, baina askotan behar baino gehiago arriskatuz, eta horren ondorioz,  pilota erraz batzuk ere huts eginez;   Gorka ere ondo ari zen, nire ustez txapelketako partida onena eginez, eta Unairen, eta,  batez ere, Oierren erasoei ondo  eutsi zien ia partida guztian.  Bigarren erdian, partidak bere horretan jarraitu zuen;  Unaik eta Oierrek ordura arte bezala, defentsan  ondo,  elkarrekin oso ondo ulertuz eta opari gutxi eginez,  eta erasoan tantuak ondo amaituz jarraitu zuten. Horrela, haserako aldeei eusteaz gain,   erabakigarria zirudien partidako  alderik handiena(35-26) izatea ere  lortu zuten, baina, une honetan, Xubanek eta Gorkak(0-5) partziala egin zuten, eta Unaik eta Oierrek hutsartea eskatu behar izan zuten,  aurkariak gainera zetozkiela ikusita.  Atsedena eta gero,  Unaik eta Oierrek berriro aginte makila hartu zuten, eta  partziala(5-0) itzulita,  partida (40-31) irabaztea lortu zuten. 

Ondorioz, Unai Gibelaldek eta Oier Iturbek Gipuzkoako Xare Txapelketaren finala jokatuko dute Matxalen Mendizabal eta Markel Mujikaren kontra, martxoaren 7an, larunbatean (16:00) Irurako Ametsa trinketean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!