Gipuzkoako Xare Txapelketaren ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldi erabakiorra jokatuko da ostiralean, otsailaren 6an (18:30) Irurako Ametsa trinketean.
Jardunaldiaren lehen partida, Larrañaga-Mujika II bikoa eta Gibelalde-Iturbe bikoa izango dira aurrez aurre. Lehenek ez dute partidarik irabazi, eta oraingoan ere, bi bikoen maila ikusita, Unai Gibelalde eta Oier Iturbe dira faborito. Ibai Larrañaga eta Ander Mujika , oraingoz, ez daude Unai eta Oierren mailan. Hortaz, Gibelalde-Iturbe bikoak irabaztea litzateke normalena. Horrela gertatuko balitz, segidan jokatuko den bigarren partidaren emaitzaren zain geratu beharko lukete Unaik eta Oierrek, horren arabera erabakiko bailitzateke ligaxkako behin-betiko sailkapena.
Bigarren partidan, Mendizabal-Mujika I bikoak Lopetegi II-Huizi bikoaren kontra jokatuko du. Lehenak, Matxalen Mendizabal eta Markel Mujika, jokatutako bi partidak irabazita datoz, eta sailkapen buruan badaude ere, arrisku handiko partida jokatu behar dute ostiralean Xuban Lopetegi eta Gorka Huiziren kontra, baina lehen postua euren esku daukate; ez daukate besteen emaitzei begira egon behar. Bi aukera , gutxienez, badituzte; lehena, euren partida irabaztea, eta,bigarrena, baldin eta galtzen badute, 38 tantu gutxienez egitea. Horrela ziurtatuta lukete ligaxkako lehen postua eta finala. Galdu eta emaitza hori baino tantu gutxiago egingo balituzte, eta, lehen partidan, Unaik eta Oierrek irabaziko balute, Matxalenek eta Markelek finalerdia jokatu beharko lukete Xuban-Huizi bikoaren kontra. Matxalenek eta Markelek lehen postua lortuko balute, berriz, finalerdia Unai-Oier eta Xuban-Gorka bikoek jokatu beharko lukete.
Lopetegi II-Huizi bikoak, egiten dutena egiten dutela, non eta zeruak eta lurrak bat egiten ez duten, ezingo luke lehen postua eskuratu, baina,hori bai, bikote erabakigarria izango da azken sailkapenari begira.
Ikusten duzuenez, emozioa, ikusmina eta urduritasunik ez da faltako ostiralean(18:30) Irurako Ametsa trinketean jokatuko den Gipuzkoako Xare Txapelketaren ligaxkako azken jardunaldian.
Ez aukerarik galdu, eta eman bueltatxo bat trinketetik. Ez zarete damutuko! Animo!