Mendizabal-Mujika I bikoaren garaipen garrantzitsua!

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2026ko otsailaren 1a

Hirugarren eta azken jardunaldian erabakiko dira ligaxkako lehen hiru postuak. 

Garaipen erabakigarria izan ez bada ere, ligaxkako lehen postua eskuratzeko urrats garrantzitsua eman dute Mendizabal-Mujika I bikoak Gibelalde- Iturbe bikoari (40-37) irabazita.

Xare partida on bat  ikusi ahal izan genuen ostiral iluntzean Ametsa trinketean bildu ginen zaleok.

Irabazleak -Matxalen eta Markel-   oso sendo sartu ziren partidan, eta partidaren azken hamarkada arte, markagailuan dominatzaile izan ziren. Unaik eta Oierrek, ez zuten inoiz etsi, eta une batean (24-25) aurretik jartzea ere lortu zuten, eta azken hamarkadara 30na berdindu ondoren, aukera guztiekin iritsi ziren. Hortik aurrera, 31,32,33,34,35nako berdinketak eman ziren, baina, berriro, Matxalenek eta Markelek bi tantoko aldea  hartzea lortu zuten, eta partida amaiera arte aldeari eutsi zioten, azkenean partida(40-37) irabaziz.

Ondorioz, azken jardunaldiaren zain, Matxalenek eta Markelek urrats garrantzitsua eman dute, ligaxkako lehen postua eskuratu, eta finalerako zuzenean sailkatzeko. 

Jardunaldiko bigarren partidan, Lopetegi II-Huizi bikoa erraz(40-23) nagusitu zitzaion Garmendia-Larrañaga bikoari. Partidak, hasera estua izan zuen; Xuban eta Gorka lasai antzean atera ziren, eta Oierrek eta Ibaik ondo baliatu zuten egoera hori, eta txukun jokatuz, Xuban eta Gorka zertxobait estu hartzea lortu zuten.  Partida aurrera joan ahala, Xubanek  eta Gorkak partidari erritmo eta martxa bat  gehiago sartu zioten, eta pixkanaka-pixkanaka markagailuan aldea irekitzen joan ziren, 40-23 azken emaitzara iritsi arte.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!