Ostiralean, urtarrilaren 30ean (18:30) jokatuko da Irurako Ametsa trinketean, Gipuzkoako Xare Txapelketaren bigarren jardunaldia.
Jardunaldiko lehen partida, lehen jardunaldian galtzaile izan ziren Lopetegi II-Huizi eta Larrañaga-Garmendia bikoen artekoa izango da. Xuban Lopetegi eta Gorka Huizi, Ibai Larrañaga eta Oier Garmendia baino gehiago dira oraingoz. Ibai eta Oier etorkizun handia duten bi pilotari badira ere, Xuban eta Gorka une honetan mailaz gorago daude, eta ez lukete arazorik izan behar ligaxkako lehen garaipena eskuratzeko.
Bigarren partida, lehen jardunaldian garaipena lortutako, Mendizabal -Mujika I eta Gibelalde-Iturbe bikoen artekoa izango da.
Multzoko bi biko onenen arteko partida dela esango nuke, eta,irabazleak, 3. eta azken jardunaldian gauzak asko okertu ezean, multzoko lehen postua eta, ondorioz, baita finala zuzenean jokatzea ere ziurtatuko lituzke. Hortaz, partida zinez garrantzitsua ostiral iluntzeko bigarren partida hau.
Faborito argirik ez dut ikusten; lau pilotariek euren maila ematen badute, edonork irabaz lezake, baina lauretako batek, arrazoiren batengatik huts eginez gero, partida beste bikoaren aldera eroriko litzateke. Ea laurek euren maila eman eta partida bikain bat ikusten dugun! Horrela izan dadila!
Ostiral iluntzean Ametsa trinketean dugu hitzordua! Espero zaituztegu!