Ostiral iluntzean jokatu zen Irurako Ametsa trinketean Gipuzkoako Xare Txapelketaren lehen jardunaldia.
Lehen partidan, Matxalen Mendizabalek eta Markel Mujikak ez zuten kupidarik izan (40-8) Ibai Larrañaga eta Ander Mujika bikoarekin. Hauen alde esan behar da, euren mailan oso ondo ari badira ere, Matxalen eta Markelen mailara iristeko, oraindik koska bat edo bi falta zaizkiela. Kontuan hartu, adinaren arabera, dagokiena baino bi maila altuagoan ari direla jokatzen, eta hori adin honetan agerian geratzen da. Irabazleak, Matxalen eta Markel, estuasunik gabe, txukun eta eroso aritu ziren.
Bigarren partida, Xuban Lopetegi- Gorka Huizi eta Unai Gibelalde-Oier Iturbe bikoen artekoa, estuagoa izatea aurreikusten zen, eta lehen erdia horrela izan zen, eta partida erdia, polita eta lehiatua ikusi ahal izan genuen. Bigarren erdian, ordea, Unai eta Oier jaun eta jabe izan ziren jokoan; Unai ondo aritu zen defentsan, eta, horrez gain, asko asmatu zuen sakearekin; Oierrek, berriz, nahieran jokatu zuen partidaren bigarren zatia; Xuban jokoz kanpo utzi zuen, eta jokoa atzean zamatuz, erraz dominatu zuen Gorka, eta tantua amaitzeko izan zituen aukerak ere maisuki baliatu zituen. Xubanek eta Gorkak partida beraiek espero bezala ez zihoala ikusita, azkarregi etsi zuten, eta, azkenean, Unaik era Oierrek 40-23, erraz, irabazi zuten estrainekoa.
Ondorioz, Mendizabal-Mujika I eta Gibelalde-Iturbe bikoek ligaxkako lehen puntua eskuratu dute.