Ametsa Pilota Elkarteko Xuban Lopetegik eta Oier Iturbek Iparraldeko Neguko 25/26 Xare Txapelketaren 2. Mailako finala jokatuko dute larunbatean(17:00) Hazparneko Berria trinketean Noizbait taldeko Txomin Sasco eta Illan Jauregiberri bikoaren kontra. Pello Larramendik izan da Txominen bikoa orain arte, baina minbera amaitu zuen finalerdia, eta osatu ez denez, 19 urtez azpiko finala ere jokatuko duen lllan Jauregiberrik jokatuko du bere ordez.
Bi bikoek ez dute elkarren aurka jokatu ; Txomin eta Pello(Illan) 1. Mailan aritu dira, eta hemen azken postuan geratu direnez, 2. Mailara jeitsi eta 2. Mailako lehen 7 sailkatuekin jokatu dituzte final-laurdenak eta finalerdiak. Hortaz elkarren kontra ez dute jokatu, eta partida bere horretan jokatu izan balitz, faborito argirik ez zen aurreikusten, baina azken orduko aldaketa honekin, ikusitakoa ikusita, Xuban eta Oier faborito izango dira. Hala ere, finalak jokatu egin behar izaten dira, eta txapelketa guztian zehar bezala, sendo, gutxi galduz eta eraginkor aritu beharko dute, arerioak gutxietsi gabe.
Gainera, partida garrantzitsua da oso; ez dago 2. Mailako garaipena bakarrik jokoan, irabazleek 26/27 denboraldian 1. Mailan, alegia, xarearen elitean, jokatzeko txartela lortuko lukete.
Xuban eta Oier bikain aritu dira txapelketa osoan, eta finalean ere horrela aritzea espero eta desio dugu.
Animo eta zorte on!