Xareko final handia, larunbatean, Iruran!

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2025eko urriaren 3a

Etxeberri-Borteyru eta Larronde-Sistiague bikoek jokatuko dute VII. San Migel Xare Irekiaren finala. 

Etxeberri-Borteyru eta Larronde-Sistiague bikoek jokatuko dute VII. San Migel Xare Irekia / Irurako Udala Sari Nagusiaren final handia urriaren 4an, larunbatean, Irurako Ametsa trinketean.

Faborito argirik ez dagoen arren, Sebas Etxeberri eta Oihan Borteyru oso sendo aritu dira. Joko sendoa, erasokorra eta opari gutxi eginda, ligaxkako partida guztiak irabazi egin dituzte. Elkarren kontra jokatutako partidan ere, Sebas Etxeberri eta Oihan Borteyru (40-35) nagusi izan ziren. Ondorioz, Jon Larronde eta Joel Sistiague baino zertxobait faboritoago agertzen dira. Hala ere, ziur gaude partida lehiatua eta gogorra izango dela, eta, gainera, aurrekoan bezala, ikusgarria izatea ere aurreikusten da. Sarrerarik behar ez denez, gonbidapena luzatzen dizuegu. Ez zarete damutuko! Etorri!

Jardunaldia 11:30ean hasiko da, eta finalaren atarikoan, Irurako neska xarelarien arteko partida polit bat izango da jokoan; Paule Fernandezek eta Alaine Larrartek Sara Agirreren eta Irati Zabalaren kontra jokatuko dute. 

Finala eta partida honez gain, Argentinan jokatu den 23 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketan parte hartu duten irurarrei –Xuban Lopetegi, Matxalen Mendizabal, Markel Mujika eta Oier Iturbe pilotariei, eta Mikel Uzkudun hautatzaileari– oroigarri bana emango die Irurako Udalak.

Lehen esandakoa berretsi baino ez, xare partida ikusgarriak ikusteko aukera paregabea izango duzue! Ez zarete damutuko! Hurbildu trinketera larunbatean!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!