San Migel Xare Irekia ate joka

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2025eko irailaren 24a

Etxeberri-Borteyru eta Larronde-Sistiague bikoen arteko partida izango da abiapuntu. 

Urtero bezala, San Migel jaiak hurbiltzean, Ametsa Pilota Elkarteak eta Irurako Udalak elkarrekin antolatzen duten xareko torneorik garrantzitsuenetako bati begira jartzen gara irurarrok. Aurten, arrazoi desberdinengatik, ozta-ozta, goi mailako hiru bikote baino ezin izan ditugu osatu: Jon Larronde-Joel Sistiague, Joxi Lopetegi-Andoni Castera eta Sebas Etxeberri-Oihan Borteyru. 

Hori dela eta, hiru jardunaldiko ligaxka batera mugatu behar izan dugu, aurten, zazpigarrena izango den San Migel Xare Irekia - Irurako Udala Sari Nagusia. Hiru partidako ligaxka jokatu ondoren, ligaxkan lehen eta bigarren sailkatuek finala jokatuko dute urriaren 4an. 

Lehen jardunaldia, irailaren 26an, ostiralean, 19:00etan, jaietako suziria bota eta berehala, jokatuko dute Etxeberri-Borteyru eta Larronde-Sistiague bikoek. Partida bakarra izango da, baina arestian esan bezala, oso goi mailakoa. Beraz, barrikoteko lehen platera prestatzen lanik ez; Ametsa trinketean eskainiko dizuegun xare partidarekin osatuta. Bertan espero zaituztegu. Ondo pasa sanmielak! Gora San Migel!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!