Iritsi da I. Irurako Ostatua Xare Irekiaren finalen eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2025eko ekainaren 13a

Gaur jokatuko dira, 19:00etan, Irurako Ametsa trinketean. Bi final izango dira, Gazte mailakoa eta Nagusien mailakoa.

Lehen finala, Gazte mailakoa, Adei Gibelalde-Mikel Satrustegi bikoaren eta Eneko Larrañaga-Izei Garmendia bikoaren artekoa izango da. Oso partida irekia izatea aurreikusten da; ligaxkan elkarren kontra jokatutako partida Adeik eta Mikelek irabazi bazuten ere,  bi jokoak oso lehiatuak eta estuak izan ziren. Oraingoan ere horrela izatea espero da, bi bikoek antzeko maila daukatelako. Emaitzak emaitza, bi bikoek egun horretan eman zuten ikuskizuna ematen badute, gozatuko dugu. 

Nagusi mailako finala, berriz, Xuban Lopetegi-Gorka Huizi bikoak eta Enaitz Irazusta-Oier Iturbe bikoak jokatuko dute. Partida hau ere irekia izatea espero da. Ligaxkan elkarren kontra jokatu zuten partidan, biko bakoitzak joko bana irabazita (1-1) amaitu zen. Hortaz, aurreko partida kontuan hartzen badugu, berdinketarik eman ez daitekeenez, kitarako joko bat izan dezakegu final nagusian. 

Xareko bi final handiren atarian gaude.  Hori dela eta, ostiralean trinketean espero zaituztegu, eta, gogoratu, finaletan ere Irurako Ostatuak ematen dituen  bi otordu, euro baten truke zozkatuko direla. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!