Gaztetxoen mailan, Enekok eta Izeik, Adei eta Mikelen kontra jokatuko dute. Parekotasun handiko partida izatea espero da; bi bikoak maila aldetik oso orekatuak daude, eta denek euren maila ematen badute, oso partida ona eta lehiatua ikusi ahal izango da. Adeik eta Mikelek irabaziko balute, finalean zuzenean izateko txartela irabaziko lukete, eta Enekok eta Izeik irabaziko balute, berriz, hauek ere aurrerapauso handia emango lukete finalera zuzenean sailkatzeko, oraindik jokatzeko partida bat geratu arren.
Nagusien mailan, sailkapen postuak finkatu samarrak badaude ere, erabat erabakitzear daude oraindik, baina jardunaldi honetako partiden emaitzek erabakixeago utz ditzake.
Lehen partidan, Xuban-Gorka bikoak, Ibai-Julen bikoa izango du aurrez aurre. Bi bikoak jokatutako euren partidak irabaztetik datoz, hortaz, partidaren irabazleak urrats handia emango luke finalerdiei begira. Galtzaileak, berriz, itxaron egin beharko luke geratzen diren partiden emaitzen zain.
Eta bigarren partidan, Unai-Markel eta Oier-Oierren artekoan ere, antzeko zerbait gertatuko litzateke. Oier biek irabaziko balute, urrats handia emango lukete finalerdietan izateko.
Hortaz, jardunaldi interesgarria ikusteko aukera ezin hobea, ostiralean, 17:30etik aurrera, Irurako Ametsa trinketean jokatuko dena. Eta ez ahaztu, Irurako Ostatuak (1 euroren truke) 2 otordu zozketatuko dituela, jardunaldi guztietan bezala.
Bigarren jardunaldia

Hiru partida ziren jokatzekoak ostiralean, baina Gaztetxoen partida, Eneko-Izei vs Paule-Ur, bertan behera geratu zen, pilotari baten gaizki ulertu bat izan zela medio.
Nagusi mailako bi partidak arazorik gabe jokatu ziren. Lehen partidan, Xubanek eta Gorkak, Unai eta Markelen kontra jokatu zuten. Bi bikoteentzat Xare Irekiaren lehen partida zen, eta garrantzitsua zen irabazten hastea. Xubanek eta Gorkak, partida serio eta akats gutxikoa egin zuten, eta 2-0(15-7/15/11) irabazi zieten Unairi eta Markeli.
Saketik min handia egin zuen Xubanek, eta Gorkak defentsan aritu behar izan zuenean, oso txukun aritu zen. Galtzaileetatik, Markelek nagusitu behar zuen jokoan, baina ez zen oso ondo aritu eta huts gehiegi egin zituen; ondorioz, Unaik oso aukera gutxi izan zuen jokoan sartzeko, eta aukera izan zuenean ere ez zuen gehiegi asmatu.

Bigarren partidan, Matxalenek eta Anderrek, Oier Garmendia eta Oier Iturberen kontra jokatu zuten. Partida hau garrantzitsua zen Matxalen-Ander bikoarentzat eta garaipena behar zuten, aurreko partida galtzetik zetozelako; Oier bientzat lehen partida zen, eta ez zuten presio handiegirik alde horretatik. Hasieran bazirudien partida estua eta lehiatua izango zela, baina usteak erdia ustel. Haserako Matxalen eta Anderren erasoei ondo eutsi eta gero, Oier, atzelaria, batez ere, Oier, aurrelariaren laguntzarekin, nagusitzen hasi ziren eta bi jokoak nahiko erraz irabazi zituzten (8-15/9-15).
Galtzaileak, Matxalen eta Gorka, saiatu ziren euren jokoa, ahal zutenean aurrean kargatzen, alegia, Oier gaztetxoari, kontuan izanda atzean Oier gazteari jokatuta, ezin izango zutela, baina ez zuten gehiegi asmatu, eta asmatu zutenean, lehen esan bezala, Oier gaztetxoa oso ondo defendatu zen.
Hortaz bigarren jardunaldia amaituta, hiru bikote: Ibai-Julen, Xuban-Gorka eta Oier-Oier ditugu sailkapen buruan bina punturekin. Unai-Markel eta Matxalen-Ander punturik gabe ditugu, baina azken hauek 2 partida jokatuta.
Azkenik esan, 2. jardunaldiko zozketan 30 zenbakia atera zela saritua; irabazlea Koro Molina izan zen. Zorionak!
Euskal Ligan, Matxalen eta Markel garaile

Trinketeko xareko Euskal Ligaren 2. Jardunaldian Ametsa B taldeko Matxalen Mendizabalek eta Markel Mujikak 40-28 irabazi diete Ametsa A taldeko Unai Gibelalderi eta Gorka Huiziri.
Lau pilotariek, partidaren garrantziaz jabetuta euren onena eman zuten kantxan; Matxalenek eta Markelek hasieratik alde txiki bat hartu zuten markagailuan, eta joko berezirik egin gabe, alde hori pixkanaka handitzen joan ziren, azken emaitzara iritsi arte. Unaik eta Gorkak azkenera arte borrokan jarraitu zuten, baina Matxalenek eta Markelek seguru jokatzen jarraitu zuten, eta ez zieten aukerarik eman Unai eta Gorkari.
Garaipen honekin, Matxalenek eta Markelek aurrerapauso handia eman zuten.
Unaik eta Gorkak, berriz, partida hau galduta, zailago jarri zaie finalerako sailkapena, baina oraindik aukeraren bat badute, txikia izan arren. Saiatu egin behar!