San Migel Xare Irekien finalak, erabakita

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2024ko ira. 23a, 06:18

Zabalegi-Cassaing vs. Halsouet-Mujika, VI. Xare Irekian, eta Flores-Garmendia II vs. Fernandez-Gibelalde II, I. Xare Ireki Mistoan.  

Ostiralean,  herensugearen sugarren berotasunarekin,  VI. San Migel Xare Irekiaren  finalerdiak jokatu ziren. Lehen finalerdian, Zabalegi-Cassaing bikoak 40-23 mendean hartu zuen Ondarts-Barneix bikoa. Iban Barneixi (Jon Lafargeren ordez) kosta egin zitzaion kantxara egokitzea, eta, konturatzerako, markagailuan 12-1 aurrea hartu zuten  Julenek eta Clementek. Hodeik  eta Ibanek ez zuten etsi, eta euren jokoa zertxobait hobetuz, estu samar hartzea eta markagailuan hurbiltzea (20-15) ere lortu zuten partidaren erdian; alabaina, Julen eta Clement ez ziren urduri jarri, eta haserako joko onera itzulita,  azkenean, garaipen erraza lortu zuten (40-23), finalerako  txartela lortuz.   

Bigarren finalerdiak, lehen finalerdiak ez bezala,  aho zapore gozoagoarekin, aseago, utzi gintuen,  trinketean bildu ginenok. Zail zeukaten  sailkapena Mendizabal- Erro bikoak, ligaxkan,  Halsouet-Mujika, gaurko arerioen  kontrakoan, erraz samar galdu zutelako,   baina pilota borobila dela esan ohi da, eta oraingo honetan ere esaerak ez zuen hutsik egin. 

Lau pilotariak serio demonio sartu ziren kantxara, eta markagailua, partidaren azken hamarkada arte, pare-parean joan zen, berdinketa askorekin; inork ez zuen amore eman nahi. Azken hamarkadan, bi bikoteek partida irabazita eta galduta ere eduki zuten; Matxalen eta Joseba 31-34 aurreratu ziren; gero, Oxanek eta Markelek 38-34 aurrea hartu zieten; berriro, Matxalen eta Joseba, 38-39 aurreratu ziren, eta, azkenean, Oxanek eta Markelek azken bi tantoak egin zituzten, eta 40-39 irabazi zuten bigarren finalerdia. Ondorioz, hauek ere finalerako  txartela lortu zuten. 

Igande arratsaldean, oso giro onarekin, I. San Migel Xare Ireki Mistoaren finalerdiak jokatu ziren. 

Lehen finalerdian, Martina Flores eta Izei Garmendia bikoak 35-21 irabazi zion Alaine Larrarte-Eneko Larrañaga bikoari. Martina eta Izei faboritoak ziren, eta ez zuten hutsik egin; berehala hartu zuten aldea markagailuan, eta Alaine eta Eneko saiatu baziren ere, ezin izan zuten Martina eta, batez ere, Izeiren nagusitasunarekin. 

Bigarren partidan, Adei Gibelalde-Paule Fernandez bikoak 35-26 irabazi zion Sara Agirre-Ur Aristi bikoari. Partida hau lehena baino lehiatuagoa izan zen, baina Adeik eta Paulek hasieratik aldea egin zuten markagailuan, eta Sara eta Ur gogotik saiatu baziren ere, Adeik eta Paulek eroso samar irabazi zuten euren  finalerdia. 

Gazte eta gaztetxo hauek xarez zein ondo jokatzen duten ikusteak poza ematen du, eta    egun batean baino gehiagotan harrituta ere utzi gaituzte erakutsi duten mailarekin.  Zorionak denoi, bai finaletara sailkatu zaretenoi, bai kanpoan geratu zaretenoi. 

Jarraitu xarez jokatzen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!