VI. San Migel Xare Irekiaren finalerdiak erabakita!

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2024ko ira. 16a, 07:44

Zabalegi-Cassaing vs Ondarts-Lafarge eta Halsouet-Mujika vs Mendizabal-Erro izango dira. 

Larunbat arratsalde bikaina pasa genuen Irurako Ametsa trinketean bildu ginenok. Lau partida ziren jokatzekoak, baina hiru baino ez ziren jokatu; San Migel Xare Ireki Mistokoa bata, eta beste biak, VI. San Migel Xare Irekikoak. Jaialdiko lehena, Xare Ireki Mistoko partida, Martina Flores-Izei Garmendia, eta, Adei Gibelalde-Paule Fernandezen artekoa ikusgarria izan zen; bete-beteko partida. Adin horretako neska-mutikoek zenbat jokatzen duten ikustea pozgarria da, benetan. 

Adei eta Paule, 30. tantora arte, alde txikiekin izan bazen ere, aurretik izan ziren markagailuan; Martinak eta Izeik 30na berdintzea lortu zutenean, Adei eta Paule behera etorri ziren, eta Martinak eta Izeik azken bost tantoak errenkan egin zituzten, 35-30 partida irabaziz. 

Segidan, VI. San Migel Xare Irekikoen txanda izan zen. Azken jardunaldia zen, eta bertan ligaxkako sailkapena eta finalerdiak jokoan zeuden. 

Lehen partidan, Halsouet-Mujika bikoak 40-27 irabazi zion Mendizabal-Erro bikoari. Irabazleek, Oxanek eta Markelek aurrea hartu zuten hasieratik, eta Matxalenek eta Josebak, saiatu baziren ere, ez zuten lortu Oxanen eta Markelen joko erauntsiari aurre egitea. Oxan Halsouet izan zen laukoteko onena, eta erakustaldia eman zuen; jokaldi zailak diruditen jokaldiak erraz eta bikain burutzen ditu. Horrez gain, ezkerra izanik, eskuinarekin ere bikain moldatzen da, eta eskuin onenak sina ditzakeen tanto ikusgarriak egiten ditu.

Emaitza honekin, hurrengo partidaren emaitzak erabakiko zuen ligaxkako sailkapena. Ondarts-Lafarge eta Zabalegi-Cassaing ziren aurrez aurre; Julen Zabalegik eta Clement Cassaingek irabazi beharra zeukaten multzoko lehenak izateko, eta galtza bete lan izan bazuten ere, ozta-ozta, tanto bakar batez (40-39) irabazi egin zuten, eta multzoko lehenak geratu dira. Partida hau ere ikusgarria izan zen, eta lau pilotariak bikain aritu ziren, bai erasoan bai defentsan, tanto zirraragarriak eta ikusgarriak eskainiz. 

Emaitza honekin, Julen Zabalegi eta Clement Cassaing multzoko lehenak geratu dira; Oxan Halsouet eta Markel Mujika bigarrenak; Matxalen Mendizabal eta Joseba Erro hirugarrenak eta Hodei Ondarts eta Jon Lafarge laugarrenak. 

Ondorioz, finalerdiak, irailaren 20an, 19:00etan, hauek izango dira: 

1. Zabalegi-Cassaing vs Ondarts-Lafarge

2. Halsouet-Mujika vs Mendizabal-Erro

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!