Lehen jardunaldi bikaina!

Halsouet-Mujika eta Mendizabal-Erro, VI. San Migel Xare Irekian, eta Flores-Garmendia II eta Gibelalde III-Fernandez, I. San Migel Xare Ireki Mistoan, izan dira lehen irabazleak. 

Oxan Halsouet eta Markel Mujika bikoak 40-28  irabazi zion Hodei Ondarts eta Jon Lafarge bikoari ostiralean,  VI. San Migel Xare Irekian. Hasiera-hasieratik Oxanek eta Markelek abantaila hartu zuten markagailuan, baina Hodeik eta Jonek 26na berdintzea lortu zuten, joko bolada on bat egin ondoren. Berdinketa lortzeko egindako ahaleginak, Hodei eta Jon hustu, akitu egin zituen. Hori dela eta, Oxanek eta Markelek 12-0ko partziala eginda (38-26), partida erabakita utzi zuten. Pena izan zen, Hodeik eta Jonek zailena egin eta gero, egindako joko onari eustea ez zutelako lortu. Bigarren partida estuagoa eta lehiatuagoa  izan zen, eta  azken unera arte ez zen erabaki; Mendizabal-Erro bikoak 40-38 irabazi zion Zabalegi-Cassaing bikoari. Partida bikaina jokatu zuten lau pilotariek, eta partida oso parekatua izan zen, berdinketa ugarirekin. Azken unean Matxalen eta Joseba 38-34 aurreratu ziren, eta bazirudien erabakita zegoela partida, baina 38na berdintzea lortu zuten Julenek eta Clementek; azken bi kintze erabakigarriak bikainak izan ziren, eta Matxalen eta Josebaren markagailura igo ziren, eta 40-38 irabazi zuten  partida. 

Larunbatean, I. San Migel Xare Ireki Mistoaren txanda izan zen. Lehen partidan, Martina Floresek eta Izei Garmendiak 35-18 irabazi zieten Alaine Larrarte eta Eneko Larrañagari. Partida hasera orekatu samarra izan zen, baina berehala Martinak eta Izeik markagailuan aldea lortu zuten, eta garaipen erraza lortu zuten. 

Bigarren partidan, Adei Gibelaldek eta Paule Fernandezek 35-32 irabazi zieten Sara Agirre eta Ur Aristiri. Gorabehera handiko oso partida ona izan zen, eta azken unera arte ez zen erabaki. Estu eta larri hartu zituzten Sarak eta Urrek, Adei eta Paule;  hauek, partida zail ikusi zuten, eta buelta emate aldera, postuz aldatzea erabaki zuten, Paule aurrera pasa, eta Adei atzera; eta asmatu egin zuten, partidari buelta ematea eta irabaztea lortu zutelako. 

Amaitzeko, datorren asteburuan, ostiralean eta larunbatean, bigarren jardunaldia izango dugula jokoan gogorarazi, besterik ez. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!