IV. Ametsa Pilota Xare Txapelketaren finalak, asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2024ko eka. 13a, 07:32

Ostiralean eta larunbatean jokatuko dira Irurako Ametsa trinketean. 

Ostiralean, ekainaren 14an, 18:30ean, jokatuko da Ametsa trinketean,  Gaztetxoen mailako IV. Ametsa Pilota Xare Txapelketaren finala. Irati-Xuban bikoa eta Eneko-Mikel bikoa  izango dira finala  jokatuko duten pilotariak.

Faborito argirik gabeko finala izango da. Bi bikoek,  txapelketa bikaina jokatu dute;  Enekok eta Mikelek  partida guztiak irabazi egin dituzte, eta horregatik  zertxobait faboritoago dira, baina  Iratik eta Xubanek  ere euren maila ematen badute, irabazteko  aukera izango dute. Hortaz, final estua eta lehiatua izatea espero da. 

Larunbatean, ekainaren 15ean, 17:00etan, Gazteen mailako finala jokatuko da. Unai-Ibai  bikoa eta Enaitz-Ander bikoa izango dira finalistak. Final honetan ere ez dago faborito argirik. Edozeinek irabaz dezake;  lau pilotariak oso maila onean daude, eta  denek euren maila ematen badute, final estu eta lehiatu bat ikusiko dugu.

Eta,  amaitzeko, Jubenil mailako, buruz- buruko  finala jokatuko dute Oierrek eta Markelek. Partida honetan Oier da faborito; jokatutako partida gehienetan, batean izan ezik,  bere nagusitasuna erakutsi du, eta maila horretan aritzen bada, garaipena berea izango da.  Hala ere, kontuz ibili beharko du Markelekin; oso pilotari arriskutsua da, eta egun ona badu, eta bere onena ematen badu,  edonori irabazteko gai da. Beraz, ez dadila gehiegi lasaitu Oier.

Eta finala jokatuko duten denentzat balio duen beste zerbait gehitu nahi nuke. Alegia,   finalak partida bereziak izaten direla, eta  beste eragile batzuk ere ( presioa, urduritasuna...) sartzen direla jokoan egun horretan eta  horiek ondoen kudeatzen dituztenek  abantaila txiki bat izango dutela  finaletan. 

Onenek irabaz dezatela! 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!