Irurarrak Iparraldeko Xare Txapelketaren finaletan!

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2023ko abenduaren 19a

Gibelalde-Larrañaga(Gaztetxoak) eta Lopetegi II-Heras(Gazteak) izango dira Ametsa Pilota Elkartearen ordezkariak. 

 

Larunbatean, abenduaren 23an, 14:00etan hasita,  jokatuko dira Urruñan Iparraldeko 23-24 Neguko Xare Txapelketaren finalak. 

Hegoaldeko xare pilotarientzat urteko txapelketarik garrantzitsuena da hau, eta horrelaxe hartzen dugu Ametsa Pilota Elkartekook.  

Gaztetxoen mailan, Inai Gibelalde eta Ibai Larrañagak, Angelo Dattas eta Jon Jubera, Hazparneko Noizbait taldeko bikoaren  kontra jokatuko dute finala (16:00).  

Final irekia izatea aurreikusten da; bi bikoek ligaxka multzo desberdinetan jokatu dute, eta ez dute elkarren kontra partidarik jokatu finalera iritsi arte. Hortaz, finala izango da elkarren kontra jokatuko duten lehen partida.  

Unai eta Ibai oso maila ona ematen ari dira azken partidetan, eta maila horri eusten badiote, aukera handia izango dute txapelak Irurara ekartzeko. 

Xuban Lopetegi eta Aimar Heras izango dira Ametsako Pilota Elkarteko bigarren finala (18:00) jokatuko duten pilotariak. Hauek Angeluko Hardoytarrak taldeko Iban Paul-Ortiz eta Clement Cassaing bikoaren kontra jokatuko dute; hauek bai, hauek elkarren kontra jokatu zuten ligaxkan, eta Xubanek eta Aimarrek izabazi zuten, baina txapelketa osoan jokatu duten partidarik gogorrena izan zen. 

Bi bikote desberdin dira: gureak, Xuban eta Aimar,  oso pilotari teknikoak eta buruz azkarrak dira; angeluarrak ,  aldiz, indartsuagoak eta sendoagoak. Horren arabera,  gureek jokoaren estrategiarekin asmatzen badute,  aukera handia izango dutela txapelak janzteko uste dut, bestela asko sufritu beharko dute.

Eta, amaitzeko, Joxi Lopetegi irurarrak, Mikel Funosas hazpandarrarekin,   1. Mailako finala (19:00)   jokatuko du, Jon Larronde eta Denis Petrissans hazpandar bikoaren  kontra;  ligaxkan hauek irabazi zieten, baina Joxik eta Mikelek gora egin dute txapelketa amaieran, eta partida irekia  eta ikusgarria  izatea espero da. 

Ea , bada, txapelak eta garaikurrak Irurara datozen! 



 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!