Hasera ikusgarria eman zioten partidari Joxi Lopetegik eta Andoni Casterak, eta, bat-batean, 2-14 aurreratu ziren. Jon Larronde eta Sebas Moncada hobeto jokatzen hasi ziren, eta pixkana-pixkana, markagailuan hurbiltzen joan ziren, eta partidaren azken hamarkadara sartu aurretik, partida berdintzea eta aurrea hartzea lortu zuten. Hemendik aurrera, Jonek eta Sebasek 38-31 ihes egin zuten markagailuan. Joxik eta Andonik 35 tanto egin behar zituzten finalean zuzenean sartzeko, eta bi tanto eginda (38-33), helburutik bi tantotara jarri ziren, baina atarian geratu ziren, partida 40-33 galduta.
Ondorioz, arestian esan bezala, errebotez, Sebas Etxeberrik eta Mikel Funosasek lortu zuten finalean izateko lehen txartela. Bigarrena, datorren ostiralean, atzoko partidako bikote berek, Lopetegi-Casterak eta Larronde-Moncadak, alegia, jokatuko duten finalerdiko irabazlea izango da.
Gazteen txapelketa
III. Gazteak San Migel Xare Irekian dena erabakita zegoen azken jardunaldi hau jokatu aurretik, eta ez zen ezusterik izan.
Oier Garmendiak -Matxalenez ordez- eta Markel Mujikak 40-34 galdu zuten Unai Telletxea eta Oier Iturberen kontra. Ez zen partida ona izan; huts asko egin zituzten denek, eta aipagarriena, Oier Garmendia gaztetxoaren debuta izan zen.
Bigarren partida ere ez zen ona izan. Oxan Halsouetek eta Xuban Lopetegik, finalerako txartela lortua zuten, eta eroso jokatuz, nagusitasun osoz 40-24 irabazi zieten Julen Zabalegi eta Aimar Herasi. Hauek ohorea jokoan izan arren, ez zuten horretarako kemenik erakutsi.
Gauzak horrela, datorren ostiralean, 19:00etan hasita, herriko jaiei hasera emango dien suziria bota eta gero, ikusgarriak izatea espero ditugun bi finalerdi interesgarri izango ditugu jokoan: gazteen mailakoa, Telletxea-Iturbe eta Mendlzabal-Mujika bikoen artekoa, eta nagusien mailakoa, Lopetegi-Castera eta Larronde-Moncada bikoen artekoa.